Eutanasia hitzak bi gertaera desberdin gogorarazi dizkit: bata, Ramon Sanpedrorena, eta, bestea, Mari Jose Carrascorena. Sanpedrori bere lagun Ramona Maneirok lagundu zion hiltzen; eta, Mari Jose Carrascori, berriz, bere bikotekideak. Nire ustez, bi kasu desberdin dira, baina oso antzekoak. Zergatik esaten dudan hori? Bai Sanpedrok bai Mari Josek duintasunez hiltzeko egindako eskaerari ezetz esan ziotelako; horren ondorioz, Estatuak egin ez zuena hurbileko lagunek egin behar izan zuten, ekintza horrek dakartzan ondorioekin: atxilotu egin zituzten, erailketa leporatu, espetxera sartzeko eskaera egin... Espainiako Estatuak ez zituen bete Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu; adibidez, gizakiaren duintasuna, askatasun ideologikoa, erabakitzeko eskubidea... aipatzen dituztenak. Eta, aldi berean, harro sentitzen dira konstituzioaz.
Batzuok pentsatu genuen, legea lortu genuenean, dena eginda zegoela; zelako etsipena! Legeak adierazitakoa sufrimendua saihestea eta pertsonen eskubideak kontuan hartzea dela esan arren, ez da nahikoa hiltzen lagundu duten pertsonen jokabideak despenalizatzea; hori ez da nahikoa. Lege horrek heriotza duina izateko eskubidea ere kontuan hartu beharko luke, baina lege horrek ez du egiten, ez duelako kontuan hartu ezkutuan dauden medikuen lobbya edota mediku kontzientzia-eragozleak.
Medikuei buruz ari garela, nik uste dut horiek ez lituzketela auzitan jarri beharko pazienteen eskaerak edo nahiak, eta ez badute eutanasia egin nahi, ez dezatela egin! Baina mesedez, ez daitezela oztopoak izan.
Nik jarraibideak eta protokoloak ezartzea ulertzen dut, baina pertsona batek bere aurretiazko borondateak egin baditu, bere ordezkaria izendatu badu, lekukoen sinadurekin, eta, horiek hiltzea aukeratu badute, medikuak ez lirateke izan beharko oztopo, guztiz kontrakoa.
Bestalde, nire ustez, gure helburua ez litzateke izan beharko gure bizitzan urte mordo bat betetzea, baizik eta gure bizitza kalitatezkoa izatea, eta, jakina, gure heriotza ere bai.
Ziur nago lege horren helburua ez dela (bakarrik) hiltzen laguntzen duena despenalizatzea, baizik eta duintasunez hiltzeko aukera ematea mina jasaten ari diren pertsonei, gaixotasun larria, kronikoa edo atzeraezina dutenei, pertsona horiek merezi dute lasaitasunez alde egitea, jakinda euren lagunek edo senideek ez dutela jasoko zigorrik. Horretarako dago legea. Gainera, baliabide guztiak Osakidetzak eman beharko lituzke, bai ospitaleetan, bai gaixoaren etxean, pazienteak aukeratu nahi duen lekutan.
1-Bestalde, idatzita dagoenak badauzka bere hutsuneak edo interpretazioak; adibidez, bigarren artikuluak hau esaten du: Eutanasia eskatzeko baldintzak: gaixoak jakin behar du zer den eskatzen duena, eta, horretarako, dokumentu bat sinatu behar du. Baina artikulu bereko seigarren xedapenak aipatzen du gaixoaren egoera, eta gaixoa ez bada gai erabaki hori hartzeko pertsona heldu batek erabaki hori har dezakeela. Horrekin zer esaten ari naizen?
Burokraziaren tresnak martxan jartzen direla eta oztopoak jartzen dituztela erabaki hori modu errazago batean ez hartzeko; eta eutanasiaren aurka daudenek zirrikitu guztiak erabiltzen dituztela lehenago aipatu ditudan oztopoak gurpiletan ipintzeko; adibidez, auzitegi-medikuak.
Gaixoak aurretiazko borondateak eginda badauzka, zergatik hasi behar du hutsetik? Zergatik pasatu behar du erabakita dagoena hainbat mediku-auzitegitatik nahia eskatuta dagoenean?
Gertatu izan da hiltzeko unea ailegatu eta senideek pazientearen nahia betetzeko eskatzea; une horretan, mediku batzuek ez dute eutanasiaren legea bete nahi izaten, eta auzitegi-medikuengana eraman dute gaia: eta erabakitzen duten bitartean, luzatu egiten da itxaronaldia, eta horrek kalte moral eta psikologikoa eragiten die pazienteari eta senide batzuei, behintzat.
Hori guztia esan eta gero, nire ustez, bi urrats eta bi egoeera oso desberdin daude –eutanasia eta aurretiazko borondateak–, eta islatu egin nahi ditut. Egoera batzuk lehenago aipatu ditut, baina berriro esango ditut, garbiago gera daitezen.
1-Eutanasia. Oso garbi eduki behar da eutanasia eskatzeak ez duela ezartzen edozein unetan edo egoeratan; burokraziak eragiten du aipatutako auzitegi-medikuengandik pasatzea, eta haiek oniritzia ematen dute edo ez dizute ematen. Horrexegatik, idazki honetan esaten dut medikuen lobbyak ez lukeela erabakitzeko botererik eduki behar. Adi! Nire iritzia da, besterik ez.
Baina paziente batek eutanasia eskatzen badu eta hori bere erabakia izaten bada, zergatik dauka pisu handiagoa lobbyak esaten duenak pazienteak eskatzen duenak baino? Hori esaten dut mediku batzuek pazienteen eskaera ukatu egiten dutelako; are gehiago esango nuke: eskaera guztiak nagusiei eraman beharko lizkiekete, eta lan hori ez badute egin nahi, jai daukate, baina euren lana norbaitek egin beharko luke.
2-Aurretiazko borondateak. Eutanasia egiteko oso komenigarria da aurretiazko borondateak eginak edukitzea, horietan ipinita daukagulako nolakoak izan behar duten gure azkenengo mementoek, edota zein egoera ez dugun jasan nahi.
Orain arte hitz egin dut pertsona batek eutanasia eskatuta duen kasuaren gainean, baina hurrengo paragrafoan beste egoera bat aipatu nahi dut:
Pertsona batek ez ditu aurretiazko borondateak egin eta ezin du eutanasia eskatu, egoera begetatiboan dagoelako; beraz, ezin ditu bere nahiak adierazi. Orduan, zer gertatzen da? Alde batetik, bi egoera desberdin daudela:
1-Egoeraren arabera, medikuek koma induzitua edo sedazioa diagnostikatu dezakete –aurrerago azalduko dut zein desberdintasun dauden bien artean– eta medikuek ezin dute eutanasiarik ezarri, ez dagoelako tramitatuta.
2-Senideen artean ikuspuntu desberdinak egon daitezke; beraz, ezetzaren iritziak –ez aplikatzea–, zoritxarrez, pisu gehiago dauka heriotza duinarenak baino.
Aurreko paragrafoan esandako guztiagatik, ziur nago aurretiazko borondateak egiteak eutanasiarantz joateko urratsak errazten dituela. Horretarako, familiako medikuarengana edo erizainarengana joan behar da, eta esan behar dugu zer den nahi duguna, horiek betetzeko test bat emango digute, gehi aurretiazko borondateen dokumentua; dokumentu hori beteko da eta ordezkari bat izendatu beharko dugu. Egoera bat irits dakiguke non ezingo dugun inorekin komunikatu; horrexegatik, guk eskatu duguna esateko ordezkari bat beharko dugu, agiria bete eta gero hiru lekukoren sinadurak behar dira. Euskadin, agiri beteta dagoenean Eusko Jaurlaritzaren aurretiazko borondateen erregistrora eramango dute.
Ematen du oso zaila dela, baina ez da hainbesterako. Nire iritziz, Osakidetzako langileak oso profesionalak dira, eta edozein zalantza argitzen digute eta laguntzen gaituzte agiria bete dezagun. Lehenago esan dudan bezala, dokumentu hori eutanasiaren aurrekoa da, eta eutanasia lortzea samurtzen du –aurretiazko borondateak eginak izatea–.
Beste bi egoera daude, izugarrizko frustrazioa sortzen didatenak: bata, informazio eta gardentasun falta; izan ere, auzitegi-medikuek eskaera guztiak ez dituzte ontzat ematen, baina ez dute esaten zergatik. Ez dakigu ehuneko zenbat diren ere. Informazio osoak publikoa izan beharko luke.
Datuen babesa ulertzen dut, baina portzentajeak azaltzeko ez dago eutanasia eskatu dutenen izen eta abizenak eman beharrik.
Beste egoera bat da medikuen lobbya –adi! Guztiei buruz ez dut hitz egiten–: egoera batzuetan, kontzientziaren edota komenentziaren objekzioaren gurdira igotzen dira; badakigu eskubide osoa daukatela hori egiteko, baina nik ez dakit non jartzen duten muga. Esan behar da maiz konkretuki marka bateko sendagaia ematen digutela interes ekonomiko edota komertzial hutsagatik? Familiako medikuei ez diet ezer leporatzen, baizik eta euren gainean daudenei.
Paziente batek heriotza duina eskatzen duenean, ez du merezi? Horrelako auzitegi batek eskaera bat nahita atzeratzen duenean, zer bihurtzen dira? Hau da; zergatik 25 egun iraun beharko lukeen erabaki batek sarritan auzitegi-medikuek 50 egun atzeratzen dituzte? Oso nabarmena da gaixoen hitza ez dutela betetzen, eta, horren ondorioz, batzuk hil egiten dira... Hitz itsusiak erabiltzeko tentazio ematen dit.
Baina horren ordez lobbyari galdera bat egingo nioke: zergatik sedazioaren egoeran euren lana egiten dute eta beste egoera batzuetan ez dute egiten? Egoera horrek gogora ekartzen dit Abortuaren Legea ezarri zutenean nola mediku batzuk zentro publikoetan kontzientzia-eragozle bihurtu ziren, baina pribatuetan ez!
1-Koma induzitua egoera larria da, pazienteak konorterik gabe daude farmakoen bidez, paziente horiek traumatismoak edo garuneko kalteak, bihotzeko gaixotasunak eta arnasteko arazo larriak jasan ditzakete... baina berezitasun batekin: euren larritasunetatik irten daitezke.
2-Sedazio aringarria. Egoera hori oso berezia da, eta zainketa aringarri terminalen barruan sar daiteke; suposatzen da pazienteak euren azken mementoetan egon daitezkeela, eta zientziak ezin du sendatu edo paziente horien bizi-kalitatea hobetu.
Trantze horretan ahalik eta lasaien egoteko, farmako batzuk ematen dizkiete; adibidez, morfina edo beste lasaigarri indartsu batzuk. Gerta daiteke arnasa hartzeko airea falta izatea, zundak erauztea, asaldatzea, oldarkorrak izatea... Horrexegatik, medikuek esaten dute egoera hori, eta egiten dutena ez da eutanasia, euren iritziz protokoloak desberdinak direlako.
Legeak berak egoera horri zeharkako eutanasia deitzen dio, pazienteak egoera terminalean daudelako, baina ez da eutanasia, ez dagoelako aurretiko eskaerarik; gai horren mamia da eskaera bat egon behar dela. Horrexegatik, eta hasierara itzuliz, lege bat beharrezkoa da pazienteen nahiak betearazteko, inor sufriarazi gabe, ez pazienteak, ezta familia ere, min handi samarra baita maite duten pertsona bat galtzea.