Azaroaren 16an, EITBko Nos echamos a la calle saioan berri bat azaldu ziguten lelo iradokitzaile honekin: "Karrantzako harana alertan dago, otsoak iritsi direlako". Bideoa behin eta berriro ikusi eta gero, berriaren ebaluazio bat egin dugu.
Hasteko, herri komunikabideei inpartzialak izateko eskatu behar diegu, eta kazetaritzak zorrotz kontatu behar ditu berriak. Berri horretan, bideo bat eman zuten, nola hiru otsok ardi bati eraso egin zioten, baina ez zuten esan ardia lotuta zegoela eta beita bat besterik ez zela.
Saio horretan kazetariek esan zutenean "otsoak pertsonentzat arriskutsuak" direla, gezurra esan zuten, eta, aldi berean, baieztapen hori inkontzientea da, gizarte-alarma sortzen du eta faltsukerietan oinarrituta dago.
Azaroaren 21ean, komunikabideetan berri txar bat agertu zen. Dirudienez, Karrantzan otso eme bat eta otsokume bat akabatu zituzten. Gure iritziz, heriotza baino alternatiba gehiago dago: gauerako ukuiluak konpontzea, itxitura elektrifikatuak ipintzea, mastin txakurrak edukitzea, kalte-ordainak arintzea eta administrazio-trabak baliogabetzea; era berean, mahai bat sortzea gai horri buruz eztabaidatzeko, abeltzainek, sindikatuek, administrazioek eta ekologistek parte har dezaten.
Bukatzeko, otsoen biktima nagusiak oreinak, orkatzak eta basurdeak izan ohi dira, baina egia da harrapakin horiek aurkitzen ez dituztenean etxeko animaliei eraso egiten dietela; hala ere, ez dugu ahaztu behar mundua ez dela gurea: gu gara planetaren parte, eta ez alderantziz.
----------
Piter Encinas eta Igor Urizar
Arrasateko Ekologistak Martxan taldeko kideak
Arrasate