-Lobby honetako kideek sinestarazten diguten lehen gezurra naturaren maitaleak direla da. Hori egiatik urrun dago: natura maitatuko balute, animalia bizidunak ez lituzkete erailko; euren 4x4ekin natura ez lukete kutsatuko; zaborrez ez lukete beteko; naturara gozatzera joaten direnak kontuan hartu eta errespetatu beharko lituzkete; eta abar. Eta ingurumen-inpaktua nork arduratzen du? Ehiztariak? Non dago amodio hori?
-Sinestarazten diguten beste gezur bat da animaliek ez dutela "sufrimendurik" jasaten, berehala hiltzen direlako. Errealitateak esaten digu hori gezurra dela, animalia asko zaurituak eta hilzorian geratzen direlako, eta hiltamu hori hor dago: ez badago sufrimendurik, ehiztariek zergatik ez diote elkarri gauza berbera egiten?
Badago, ehiza egiteko beste modu bat; ematen du bukolikoagoa dela, baina sufrimendu gehiago sortzen duena, arku eta geziekin egiten dena. Oso ohikoa da basozainek gezi iltzuituekin zauritutako animaliak aurkitzea; batez ere, zerbidoak eta basurdeak.
-Naturak bere tresnak ditu indartsuenek eta osasuntsuenek bizirik irauteko eta, aldi berean, espezieak hobetzeko. Oso nabarmena da ehiza ez dela modu egokiena hautespen naturala lortzeko, edo espezie baten zenbakizko kontrola.
-Ehiza ez da kirola, ez da baldintza beretako lehiaketa bat; arku eta geziekin egiten den arren, ehizaren arauak betetzen diren arren, ehiztariek beti abantailarekin egiten dute. Lehoinabar baten arrakastaren portzentajea %70-80 artekoa da. Lehoi emeek taldean eta gauez egin arren ehizan, eta ehizarako unerik onena dela kontuan hartuta, %35ek lortzen dute helburua. Bestalde, gepardoak, ugaztun azkarrenak, 100 kilometro orduko abiadura har dezake, hala eta guztiz ere, arrakastaren portzenjea %50 izaten da. Horrenbestez, datu hauekin esan nahi dut ehiza-barruti batean ehiztari baldarrena ere etxera joan daitekeela animalia erail batekin.
Orain dela urte batzuk, Bostongo Northeasterngo Unibertsitateak ikerketa bat egin zuen pertsonen jarrerari buruz, eta ondorioztatu zuen animaliei kaltea eragiten dieten artean, gehienek beste bizidunekiko eduki behar duten sentiberatasuna galtzen duela, bai pertsonekiko, bai animaliekiko. Euren ikerketan, konturatu ziren armak erabiltzen dituzten pertsonek bost aldiz aukera gehiago daukatela beste pertsona batzuei kalte egiteko; egin duten ikerketa horren arabera, eskuetan armak edukitzeak botere psikologikoa sortzen duelako.
Onartu egin beharko genuke gure arbasoen garaian haiek jateko ehiza egiten zutela; eta uste dut ez naizela motz geratuko honako hau esatean: egungo ehiza –eta, batez ere, lehenengo mundukoa norberaren gozamenerako dela, eta bizidun animaliak erailtzea egozentrismo hutsa dela.
Oso nabarmena da naturaren legeak, norabidea eta kate trofikoa gizakiok gure ohiturekin apurtu ditugula; gainera, egiten dugunaren soluziorik ez dugu aurkitu nahi. Esaten dudanaren adibidea da non kokatzen dugun geure burua; esaterako, egozentristek esaten dute: "Gu eboluzioaren piramidearen puntan gaude". Nik, aldiz, beste argudio bat erabili nahi dut, baina, hobeto azaltzeko, Jose Luis Viejo Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zoologiako katedradunaren hitzak erabiliko ditut: "Nekazaritza-jarduerak eta gizakiak ingurune naturalean duen presentzia gero eta gutxiago denez, espezie batzuek aukera gehiago daukate euren lurraldeak zabaltzeko, eta janaria errazago lortzeko; horretarako leku onenak herriak dira lorategiak, baratzeak, zabor organikoaren edukiontziak... daudelako.
Zentzu horretan, nik uste dut egoera horrek badaukala zerikusirik basoen industrializazioarekin; alegia, basoak eta natura lantegi nola bihurtzen ditugun. Zer esaten ari naizen? Bada, errentagarritasunari lehentasun handiagoa ematen diogu naturari baino: ez dute ematen jateko fruiturik, adibidez, pinuak, izeiak, eukaliptoak... landatzen ditugulako, eta ez ditugu landatzen fruta-arbolak, pagoak, gaztainondoak, haritzak, hostazuriak, arteak eta abar. Zerrenda oso luzea da. Horren ondorioz, animalia batzuk egoera txarretan egokitzen dira, eta orkatzak, basurdeak, oreinak, herrietan janari erraza bilatzera ausartzen direnak. Errua ez da animaliena, baizik eta gizakiena da.
Zer egin daiteke animalien ugaltzearekin? Oso nabarmena da erantzuna ez dela erraza, baina, hasteko, galdera erretoriko bat: naturan hainbeste basurde ugaltzen badira, zergatik hazten dira basurdeak ehiza-barruti pribatuetan? Beste soluzio bat izan daiteke naturaren egoera aldatzea, predatzaileen kopurua handitzea, arranoak, azeriak, eta, nola ez, otsoak sartzea. Gai hau bukatzeko, beste datu bat bota nahi dut, naturazaleoi ikara eragiten diguna: 2020. urtean, Espainian, 400 otso akabatu zituzten. Iturria: El Periódico (2022-02-04).
Kontuan hartu beharreko beste puntu bat: Euskadiko biztanleriaren %o,77 ehiztariak dira; beraz, txangozaleok, ibiltariok, mendizaleok, naturazaleok... ehiztariekin natura partekatzen dugunean, zergatik ehiztariek eskubide gehiago eduki ditzakete besteok baino?
Bukatzeko, gustatuko litzaidake gonbidatzea beste ehiza-modu bat egitera: argazki-ehiza, non ez dagoen biktimarik, non garaikurra behin eta berriro erakuts daiteken arbuiorik sortu gabe.
----------
Piter Encinas
Arrasate