Ardura politikoak, noizko?

Erabiltzailearen aurpegia Piter Encinas 2020ko uzt. 28a, 15:13

Zergatik ez nau harritzen Zaldibarko zabortegiaren nagusiekin gertatutakoak? Alegia, epailearen aurrera eraman eta gero kalean egoteak? Nire iritzia da, konforme, baina hemengo justiziaz ez daukat konfiantzarik, herri honetan argudio mordo bat eta adibideak soberan daudelako horrela pentsatzeko.

Hasteko, onartzen dut atxiloketaren berria entzun nuenean asko poztu nintzela, nolabait pentsatu nuelako justiziatik zerbait mugitzen ari zela. Arduragabekeria gertatu zenetik ia-ia zazpi hilabete pasatu dira eta gorpuak ez dira agertu oraindik. Halere, norbaitek pentsatzen al du errudun bakarrak enpresako arduradunak direnik? Eusko Jaurlaritza errugabea al da? Zergatik Eusko Jaurlaritzak ez du kontrolatu Zaldibarko zabortegiaren kudeaketa? Zabortegi batera amiantoa eramatea osasunaren ikuspegitik egokia al da? Inguruko errekatxoak kutsatzea doan al da?

Hasiera bateko poza berehala kamustu zitzaidan, atxiloketa hartan ez zegoelako politikaririk; alegia, benetako arduradunak, nire ustez. Zergatik jokatzen du horrela justiziak? Politikariak azkenak al dira? Ematen du herri honetan politikari guztiek bizkarra babestuta daukatela. Bai Iñigo Urkullu Renteria jaun txit gorenak, bai Iñaki Arriola Lopez jaunak, bai Elena Montero andreak… Gogoratu behar dut 2019ko ekainean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, zabortegian 23 irregulartasun aurkitu arren, ez zuela zabortegia itxiarazi? Beraz, zergatik ez zaio inori ardura politikorik leporatu?

---------

Piter Encinas

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak