Sadiko hauek poliziatik kaleratu behar ditugu, soberan daudelako. Uste dut epaileak inpartzialagoak izan beharko liratekeela eta, horrelako gertaeren aurrean, zorrotzagoak izan. Gogoratu nahi dut orain dela hilabete eta erdi, gutxi gorabehera, Bilbon gertatu zena, gazte gaixo bat eta bere ama ertzainek atxilotu zituztenean. Barne ikerketa egon zen, baina poliziei ez zitzaien ezer gertatu. Aitzitik, bideoa egin zutenak ikertuak izan ziren eta isuna jaso zuten.
Arrasaten maiatzaren 23an gertatu zena ere azkena izan beharko litzateke. Badakit pertsona batzuek esaten dutena, zorionez Euskadi ez dela Ameriketako Estatu Batuak, baina, agian, han gertatzen dena gure etorkizuna izan daiteke; zergatik? Alde batetik, gaur egun, inpunitatea daukatelako; eta, beste aldetik, bere garaian herritarrek ez zutelako kritikatu edota poliziaren basakeria onartu egin zutelako. Gogoratu egin behar al dut hemen Euskadin erailak egon direla eta poliziei ez zaiela ezer gertatu? AEBetan gertatzen dena eduki nahi dugu gure gizartean?
Hala, ez nau harritu GOIENA astekarian irakurri dudanak: kazetariak Arrasaten maiatzaren 23an gertatu zenari buruz galdetzen dio politikari bati, eta erantzunak 12 hitz eduki zituen: "Ez daukat ezer esatekorik. Guk babestu egin nahi dugu udaltzainek egindako lana". Eta ez zuen ezer esan nolakoa izan zen ertzainaren atxiloketa. Oso ondo! Hurrengorako, poliziak baimena dauka nahi duena egiteko. Gero, batzuk haserretzen dira Ertzaintza EAJren polizia" dela entzuten dutenean.
Martin Luther Kingek esan zuen: "Iluntasuna argiarekin bakarrik desagerrarazi dezakegu. Gorrotoak ezin du gorrotoa desagerrarazi, bakarrik amodioak egin dezake".
----------
Piter Encinas
Arrasate