Urriaren 5ean, osoko bilkurara joan nintzen, udalbatzari esateko iraila ezkero bi aldiz kutsatu dutela Aramaio erreka, bi aldiz isuriak jasan zituela. Udal Gobernuari galdetu nionean ea zerbait zekien ala ez, zerbait egin behar zuen ala ez, honek, konpromiso bat hartu beharrean, baloia kanpora bota zuen. Jakin banekien –badakit– Udalak ez duela konpetentziarik isunak ipintzeko, baina Udalak baditu baliabideak pertsona bat errekara bidaltzeko, ur pixka bat hartzeko eta gero analizatzera bidaltzeko.
Emaitzak ikusiz gero, jakin dezakegu zer den urak zekarrena, eta horrekin Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko eta Industriako sailetara bidal dezake, baita Aldundira, Ingurumen Sailera eta Ur Partzuergora ere.
Agerian gelditzen da Udalak gabezia ekologiko handia duela, kontzientzia falta zaiola. Hutsune hori ez da betetzen urtean behin zuhaitz eguna ospatzearekin; politikari arduratsu batek ez luke besoak gurutzaturik geratu behar, zerbait egin beharko luke, eta horrela ez bada, nik, hemendik, bere dimisioa eskatzen dut.
----------
Piter Encinas
Ekologista
Arrasate