Hori dela eta, OZMA batzordean eskatu diogu Udal Gobernuari arreta gehiago jar dezala arlo honetan eta jarrai dezala sentsibilizazio eta behaketa lanekin. Guri ez digu balio gaia Mankomunitatekoa dela esateak; izan ere, Udala bera izan behar da Mankomunitatean ere eragin behar duena gaia konpontzeko.
Hondakinen sailkapen ezegokia ez da ona, jarrita ditugun birziklapen helburuak betetzeko. Eta hondakinak zabor kontainerretatik kanpo uzteak beste arazo batzuk larriagotu ditzake; esaterako, arratoien arazoa. Hainbat kexa jaso ditugu herriko zona ezberdinetatik arratoien inguruan eta uste dugu arazoaren onarpena dela lehen urratsa. Badakigu BAZen eskaera gehiago egon direla, baina ez dizkigute batzordean eman nahi izan. Guk gaia denon artean lantzea nahi genuen, merezi du eta, baina esaldi hau erantzun ziguten: "No os vamos a dar esos datos, porque nos vais a crucificar". Zerbaiten beldurra dute, ala?
Guk jarraituko dugu OZMA batzordean gaiari jarraipena egiten eta proposamenak eramaten. Hondakinen sailkapenean gauzak ondo egiten jarraitzea garrantzitsua da EH Bildurentzat, erlaxazioak ez baitigu batere onik egiten. Ala Zubietako erraustegiari egiten dio on?
----------
Piter Encinas
Arrasateko EH Bilduko zinegotzia
Arrasate