... modu onena atez atekoa dela, zalantzarik gabe. Hau baieztatzeko, ez dugu Catalunyara joan behar, hemen, Euskadin ere, badaukagu horretarako aukera.
Arrasaten lortutako akordioa oso ona dela pentsatzen dugu, bai helburuei dagokienez, baita prozedurei dagokienez; jakina, gero denborak esango digu aproposena izango den ala ez. Lehen urratsa egin dugu, eta guk uste dugu oso positiboa izan dela, lortu dugulako ikuspuntu desberdineko pertsonak eta erakundeak elkartzea geuk eragiten dugun arazoa konpontzeko.
Bestalde, STOP PaP eta PSOEren jokabidea, nire iritziz, ez da izan oso mesedegarria Arrasaterentzat.Horrexegatik, gogoratu nahiko nuke erakunde hauek lehenengo eta bakarra izan zen bilerara joan zirela eta baldintza politikoak jarri zituztela mahai horretan egoteko; eta hori guztia gutxi izango ez balitz, ez zutela nahi izan ekologistok han egon gintezen. Norbaitek beste inori parte hartzeko betoa egiten badio, erakunde horren eskubideak murrizten ditu. Gero, demokraziaz lezioak eman nahi dituzte?
Zoritxarrez, Euskadin politika ustelduta dago. Hemen, batzuek ez dute aurkariekin argazki berean atera nahi, ez du inporta adostasun batera ailegatzen diren ala ez. Catalunyan, PSOE atez atekoaren alde dago eta parte hartzen du 100 herri baino gehiagotan. Zoritxarrez, politikari batzuek jauntxoen gisa jokatzen dute, eta hauek norbanakoen interesei lehentasuna ematen diete herriaren interesen aurrean.
Bukatzeko, aipatu nahi dut hondakinen mahaiaren garaipen handienetariko bat izan zela helburuei moduari baino garrantzi handiagoa ematea. Denok ados geunden: gaur egungo egoera eutsiezina zen, elkarrekin zerbait egin behar genuen. Izan ere, Eskoriatzan, Bergaran edota Legazpin gertatzen dena ez da zuzena, diktadura edo estatu-kolpe baten aurrean desobedientzia zibilerako deia egitea normala da, baina hemen gertatzen dena, uf! Norbaitzuk burutik jota daude.
----------
Piter Encinas
(Arrasateko Ekologistak Martxan taldeko kidea)
Arrasate