Pisura bi saltzaile etorri zitzaizkidan, izena jarriko ez diodan gas konpainia batekoak. Hasieratik jarrera defentsibo bat hartu izanak ez zidan ezertarako balio izan. Badakit zer esango edo egingo zuten askok: atea muturren aurrean itxi. Baina nik ezin. Ia konturatu gabe –nahiz eta ni konturatu– etxe barruan neuzkan, eskusa kutre bat medio. Total, bata eta bestearen hitz jarioarekin kontratu bat sinatzen bukatu nuela.
Zein gogorra den zu timatzen daudela argi izan eta ezin duzula ezer egin jakitea. Bata ea mutila neukan galdezka, ea ez nintzen Mondrako batez fidatuko, etab. Bestea, bitartean, kontratua betetzen, ni ohartzerako, dena prest izateko. Ni kontziente nintzen estratagemak erabiltzen zebiltzala, baina nire ontasunak-edo ez zidan utzi atzera egiten. Etxetik alde egin zuten momentuan buruan neukan: “Ai, ama! Eta orain zer? Nola ostia aterako naiz honetatik?”. Bueno, bizitzan denetatik ikasi behar da, eta hori egin dut: jada ez diot inori atea zabalduko.