Azkenaldian, sarritan hitz egin dugu honi buruz lagunartean; arrazoia, betiko bera: batzuen egunek 48 ordukoak dirudite, denbora gehiegi gauza onerako; ondokoak, berriz, hortzak garbitu gabe atera behar etxetik presaka. Lanarekin lotzen dugu gehienetan; askok esaten didate fabrikan makinari begira luzeegiak egiten zaizkiela orduak. Niretzat, berriz, ikasgelan sartu eta egitea gustatuko litzaidakeen guztia ikasleei azaltzen diedan orduko, txirrinaren hotsa entzun eta zain daukat hurrengo irakaslea atean.
Ondorio garbi bakarra atera dugu elkarrizketa askoren ostean: aste barruan lan egiten dugunontzat, behintzat, asteburua iritsi bezain pronto denborak abiadura handiko trena hartzen duela. Lagun batek kontatu zidan ostiralean lanetik irten eta erlojua lehen aldiz begiratu zuenean bost minutu geratzen zitzaizkiola asteleheneko alarmari irrintzika hasteko.