Irakasle gisa ikastetxez ikastetxe bidaiatzen COVIDaren urtea bezala bataiatua izan zen urte hartan hasi nintzen, konfinatu gintuzten ikasturtean, zehazki. Dagoeneko ohartu naiz gehiegi kostatzen zaidala nire ikasleak identifikatzea, eta, musukoa kentzen dutenean, LABIak agerraldia egiten zuenean baino sorpresa handiagoak hartu ohi ditut.
Ohitu naiz ikastetxeetako protokoloetara, ez naiz oroitzen noiz ikusi nuen azken aldiz norbaiten aurpegia osorik gela baten barruan. Lehen, pasaportea mugak zeharkatzeko eskatzen ziguten; orain, dirudienez, gure askatasunari jarri nahi dizkiote mugak.
Printzipioz, ez nuke nahi neure burua konformista huts bat bezala definitzea, baina konturatu naiz denbora gutxian jartzen dizkiguten lege edo muga batzuetara, behintzat, dagoeneko ohitu naizela. Beharrezko ikusten ditudan neurriak hartuta eta ahal den heinean norbere buruarekin koherente izanda, ez gaitezen egoera anormal honetan bizitzera ohitu. 2022ari eskatzera ez naiz ausartzen, baina ziur garai hobeak etorriko direla.