Ez dut uste eguzkia denik urtaro hau hainbeste mirestera garamatzana. Izan ere, oporretan gauden bitartean, niri, behintzat, ez dit azkura handirik sortzen noizean behin zaparrada bat edo beste erortzeak.
Uda oporrekin erlazionatzen dugula gauza jakina da, eta guztiok maite ditugu oporrak; izan zaitezke mendizalea, izan zaitezke hondartzan toallatik altxatzen ez den turisten antzekoa, edo izan zaitezke festarik festa Euskal Herriko bazter guztietako tabernak itxi dituen gautxoria, baina hiru hauetako edonor zarela ere, ziur oporrak nik bezain beste miresten dituzula.
Oporrei, ordea, hasiera bat duten gauza guztiei bezala, amaiera ere iristen zaie, eta nireak, behintzat, amaitzear daude. Beraz, amaitu dezagun betiko erara: laranjekin egin ohi den moduan, atera zukua geratzen zaizkizuen azken egunei; izan ere, Gari abeslariaren hitzak gogora ekarriz, laster ikusiko duzue berriz ere zuen burua errutinaren morroi bihurtuta.