Lehenik eta behin, Leizarra Musika Eskolako Batzordean gaudenok eskola osatzen dugun bazkide-familia guztiak agurtu nahi zaituztegu. Osasun aldetik ondo egotea desio dugu eta animoak bidali egoera latz honi aurre egiteko.
Hilabete baino gehiago igaro da COVID-19aren pandemiaren ondorioz gure lan-bizitza eta bizitza pertsonala ustekabean aldatu zuen alarma-egoera ezarri zenetik.
Batzordearen lehentasun handiena pertsonen osasuna izanik, martxoaren 14an, jarduera presentziala etetea erabaki genuen, Eusko Jaurlaritzak irakaskuntza eta pareko arloei emandako jarraibidea beteaz. Jarraibide horrek langileria guztia lantokira ez joatea eta etxean geratzera derrigortzen du, ahal den heinean telelana egitera behartuz.
Bizi dugun salbuespen egoera honetan jarduera presentziala aurrera eramatea ezinezkoa denez, eta, agintariek emandako jarraibideak kontuan izanik, Leizarrako irakasleak ahalegin eta esfortzu guztia egiten ari dira musika hezkuntza egokia eman ahal izateko, nork bere bitarteko eta baliabide digitalak erabiliz.
Ahalegin desberdinak eginez erantzunik onena bilatzen saiatu gara eskaintzen ditugun irakasgai ezberdinen aurrean: hizkuntza musikal, instrumentu, kantu, dantza, talde instrumental eta abesbatzan. Azken horietan, taldean egiten diren ekintzak direnez, zailtasun handiagoak ditugu modu birtualean irakasgaiak behar bezala emateko.
Ozen txalotu eta eskertu nahi dugu bazkide-familien inplikazioa, ezinbestekoak direlako hezkuntza musika formula berri honek arrakasta izan dezan.
Eskola osatzen dugun partaide guztiok orain arte erakutsi dugun inplikazio eta konpromiso berarekin jarraituko dugun konfiantzan, jaso ezazue agurrik zintzoena.
----------
Orreaga Zubizarreta
Leizarra Musika Eskolako Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria
Aretxabaleta