Gehiegi sinesten dugula, inoizko sinestun gutxien dagoenean. Biblia ez dela bakarra, errealitateak bezain beste doktrina daudenean. Islamistak garela, demokratak bezainbat.
Ez dela ametsik geratzen, dena posible den aroan. Artistak eskaleak direla, publikoa noiz iritsiko den zain, argiak noiz itzaliko diren galdezka.
Arrakastak goratzen zaituen bezala utz zaitzakeela beheraino ero(r)tzen. Artea dela bizitza eta bizitzea artea dela.
Bizitza ez dela literatura, ezta bertsoa. Koadroak hilda daudela eta musika haizeak daramala. Bizirauteko gakoa ez dela irabazi edo galtzea, ez lehia, ez hobeak izatea. Perfekzioa ez dela bizirauteko beharrezkoa.
Dena gezurra zela, engainatu gintuztela, sare sozialen erreinuan.
Kontraesana eta kontrara esana. Bake prozesuak zein atxiloketak, erreferendumak zein errauskailuak. Eta errealitateaz jabetzen ez garen herritarrak. Iluna dela etorkizuna.
Inoiz itzaltzen ez diren telebistak eta hautsak hartutako liburuak. Dena ulertu gabe, ulertzen diren esaldiak. Puntuak eta komak. Eta udarako puntu eta aparteak. Oporren bueltan ere artistak publikoaren zain segituko duela, bizitzaren espektakuluari galdezka.