Hauteskunde aurrekoak dira idazten ari naizen hitzak eta igarpen errazenak egitera jota, seguru berriz ere abstentzioak nabarmen irabazi duela.
Asko izango dira atzean dauden arrazoiak, interes, motibazio edo sinesmen falta agian. Baita haserrea, ezinegona edo nora eza ere. Dagoeneko, orriotan jasota egongo dira hainbat balorazio, emaitza eta datu. Izango da horietan zer aztertu, zein ondorio atera. Eta egin dezagun balorazioa, har diezaiogun momentuari neurria, bototan neurtuta baldin bada ere. Baina politikan, politikoetan, edo politika profesionalean ez sinetsita ere, gure eguneroko bizitzak erabat politikoa izaten jarraitzen du. Biharamuneko astelehen honetan ere bai. Atzo dena hasi edo amaitu ez zen bezala, gaur ere jarraitu egingo duelako egunerokoak. Eta ez naiz soilik bozkatzeaz ari, duen garrantzia kendu gabe, bizitza bozka eman edo ez ematetik harago doalako.
Egunerokoari ere hartu behar genioke neurria, inork konponduko dituen zain egongo gabe, erronka eta arazoek hortxe jarraitzen dutelako. Gaurkoa ez da biharamun berri bat izango, ziurrenik gaur ez da ezer berririk hasiko, baina egunero ere hasten delako… jar dezagun biharamunean ere begia.