"Gerra bat platerean"

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Zubizarreta 2012ko aza. 27a, 16:00

Bonbak erortzen dira zerutik Gazan.

Eta hori bihurtu da gauza arrunta eta normala. Gerrak hamaikagarrenez egin du eztanda han, eta telebistako irudiek salto egin dute gure egongelara, eta afaria odolez zipriztindu. Puaf! Koilara ahoratzen dut eta ikuspegi interesatuetatik bidaltzen dizkiguten irudiak eta hitzak sartzen zaizkit begi-belarrietatik, filtro zorrotzetatik, helburu zehatzetarako. Eta munduan zehar gerra askok darraie, Sirian, Kurdistanen, Kolonbian… baita mikrogerrek eta ahaztuta edo lozorroan dauden beste askok ere.

Notizietako dosi txikietan saltzen dizkiguten gerra kontakizunen ikusle pribilegiatuak gara. Eta gure pribilegio nagusia, gerra hauekiko ardura ez sentitzeko aukera da. Gerra horiek ez dira gureak, gu ez gara istorio horien parte, gerrak hutsalak, iraganekoak, inoiz errepikatuko ez diren ikaspenak baino ez dira. Ja! Gure aittejaun-amandriak ditugu gerra baten lekuko, gerrako umeak esaten diegu… baina gerraren arrastoak gurean diraute. Ume eta ertz ugari ditu gure gerra partikularrak…

Baina ez estutu, gerrak gure sukaldeetara sartzen zaizkigun aldiro, telebistaren kanala aldatu dezakegu, plateraren ertzari darion odol arrastoa trapu batekin kentzen dugun bitartean. (Hurrengora arte).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak