Gure pentsamendu mendeBALDARrak ertz ugari ditu, hegokoALDEkoak arantza eta zauri asko, baina aukera ugari.
Iparraldean iparra galduta gabiltza, eta hegoaldean hego berriak aurkituz ari dira, haien iparra Hegoan kokatuz. Nuestro norte es el Sur, aldarrikatzen dute askok.
Hegoaldeko herrien errimak iristen zaizkigu belarrietara, eta iraganeko harriak pilatzen zaizkigu gerrian.
Arrazoia nork duen galdetzen dugu, ipar eta hegoaren arteko gerrei begira gaude, arrazoia nork nori emango zain.
Ipar eta Hegoaren arteko marrak handitzen doaz, baina bietako jende masak nahasten doaz poliki-poliki, marraren bi ertzetan, jende uholde berriak marraztuz.
Pentsamenduak nahastuz, batzuen miseriak, eta besteenak, marraren bi aldeetako plazatan azaltzen hasi dira. Lana kentzera datozen etorkinak daude gure plazetan eta egiaren jabe diren adituak goaz haien plazetara, lan eta etorkizun oparoa eskaini guran, burukominak oparituz.
Bitartean gehientsuenak marraren gainean dihardugu, gutako batzuk urrutiko lurretan opor egunak erosiz eta haietako asko itsasarteetako itsasoetan, aireportuetako aduanetan edo gizakien trafiko ezkutuetan bizitzak salduz.