Otu zait urteurren borobil bati jarririko puntu suspentsiboak ote diren, hurrengo urteen jarraipenaren irudi. Edo izan daitezke esaten ez den horri bidea irekitzen dien bi marratxo. Uler bedi, komatxo artean, kontuak hobeto uler daitezen akaso.
Komunikazioan komatxoek besteek esanari irekitzen ohi die atea. Halaxe nahi nuke, besteen ahotsari bide emateko marraztu direla hor.
Beste horien, herritarren, ispilu eta leiho izateko asmoz. Bihur daitezela komatxoak gure ahotsen bozgorailu, iristen zaizkigun uhin, islatzen gaituzten paperorri.
Eta ari dadila gertatzen denaz, paper eta uhin handietatik itzal egiten dioten guzti horri leku eginez. Zuzenkeria gabe, baina zuzen.
Segi dezala komatxoak irekitzen albokoari, hurbilekoari, tokikoari, herrikoari. Gurean, gertukoan jar dezagun komatxoa.
Hemendik eginez, inguruari bista kendu gabe. Inguratzen gaituenaz, hemengoaz ahaztu gabe.
Saia dadila handienarenak ez erreproduzitzen, ez gaitezen ezarritako marketan erori. Nire eskaera txikiok izan daitezela, komatxo artean, aurrerabidean akuilu, bultzada, arnasa eta esker ona. Gertukoaren marka, nortasunarena eta jatorra. Ez dezagun gure marka galdu...".