Urte(bete)

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vitoria 2018ko uzt. 6a, 08:11

Urteak betetzea ez da denen gustuko. Haurtzaroan arrapaladan bete nahi izaten genituen, ahal bezain bizkor. Nerabezaroan, are azkarrago: 18 urteetara lehenbailehen iristea zen xedea. Adinean aurrera egin ahala, ikasketak edo lana salbu, independentzia eta erabateko autonomia lortzearen sinonimo bihurtzen dira urteak, nahiz eta baden salbuespenik. 40ak 30 berriak diren bitartean, adinekoentzat seinale txarra omen da urteak betetzea, zahartzarora gerturatzea, bizitzaren pultsuari eustea nor bere buruarekin pozik egoteko arrazoi nahikoa ez balitz moduan.

Urteak betetzea egokitu zait asteon, eta urtebetetze zalea ez naizen arren, kandelei putz egin behar izan diet lankideen begiradapean. Eta onartu beharra dut bereziki poztu nautela urrun daudenen zorion mezuek, egunero alboan ez ditudanen berri jasotzeak, sare sozialei esker –edo erruz– jasotako mezu huts batean bada ere.

Mezuak diot, deiak bakan batzuk baino ez direlako gaur-gaurkoz. "Eta eskerrak", pentsatzen dut sarri askotan. Garai batean, nerabezaroan, ziurrenik, biziki gorroto nuelako amona, aitona, izeba, osaba, lehengusu, eta abarren deiak jasotzea, guzti-guztiei kontu bera errepikatzeko. Gurasoek urteak betetzen zituen horri aldebakarrez deitzea erabakitzen zutenean ere, ihes egiten nuen oheko izara artera, lo plantak egitera edo ezkutatzera, besterik gabe. Nahiz eta behartuta bukatzen nuen sakontasunik gabeko solasaldietan itsatsita, tramite bat balira lez.

Gertukoen babesa behar bezainbeste ez baloratzea leporatuko didate familien defendatzaile sutsuenek, eta ez zaie arrazoirik falta. Urteen poderioz konturatu bainaiz zein garrantzitsuak ziren deiok, taxuzko ezer esan gabe zenbat esaten genion elkarri, zenbat eskertzen genuen familiakoen hitz goxoak entzunda oheratzea. Agurrak, isiluneak, etxeko telefono desagerrezina senideen artean pasa bitarteko itxaronaldiak... Eskegi gabe utzi dut telefonoa hurrengo urtera arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak