Ispilu bila, itsu

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vitoria 2017ko ira. 15a, 00:00

Botopaper bila Kataluniako hainbat inprenta miatu ditu Guardia Zibilak asteon.

Iraganeko irudiak. Egunkaria-ren itxiera gogora dakartenak. Mehatxua hor dago. Beti egon da, baina zitalagoa da orain, urriaren 1a hurreratu ahala. Kataluniako Ara kazetak berak uko egin behar izan dio erreferendumari buruzko publizitatea argitaratzeari. Zergatik? Proiektuaren biziraupena bermatu eta egunkariaren itxiera arriskua saihesteko.

Erabakiak independentziazale ugari aztoratu ditu, eta ez da gutxiagorako. Ataka estuan daude hedabideak. TV3 kateari ere errieta egin dio Auzitegi Konstituzionalak, eta erreferenduma ez bultzatzeko agindu. Ohartu gabe kazetariak isilaraztea bezain larria dela publizitate instituzionalari ateak ixtea. Prentsa askatasunaren funtsa hori delako, azken finean. Gustuko ez dituzun iritziak onartzea, baita mingarriak zaizkizunean ere. 

Egun erabakigarriak datoz, iragarri ezinak. Espainiak, batik bat, ondo neurtu beharra du erantzuna, mundu osoaren begietan are irudi tamalgarriagoa eman nahi ez badu, behintzat. Bozkatzea, erreferenduma babestea, hura sustatzea... Dena bihurtu du debekugai Espainiaren makineriak, prozesua erabat deuseztatzeko arrazoi nahikoa delakoan.  

Baina Katalunian tentuz ari dira, pausoz pauso, irmo. Beste erremediorik ez dute, batez ere sua itzaltzeko zeregina dutenek etengabe su garrak pizten dabiltzanean. Jokoan ez dagoelako bakarrik haien independentzia, adierazpen askatasunaren, etxebizitza eskubidearen, pentsioen, enpleguaren, burujabetza ekonomikoaren eta berdintasunaren aldeko guztion borroka baizik. 

Euskal herritarroi, bitartean, behatzaile finak izatea dagokigu, etorkizunerako ikasgai ederrak utziko dizkigulako prozesuak. Zoritxarrez Kataluniakoa ez delako, urrunetik ere, norabide argirik gabe marrazten gabiltzan bidearen parekoa. Gordina da errealitatea, gordinegia. Euskal Herrian nekez lortuko dugulako ezker-eskuin, laiko-kristau, kapitalista-antikapitalista dikotomiatik irtetea interes orokorren mesedetan. Norbere zilborrari so aritu dira Katalunian, galtzeko beldurrik gabe, eta helmuga gurutzatu ala ez, amore ematea, behintzat, ezin zaie leporatu. Hori da hemen falta zaiguna: ausardia. Puskatu daitezkeen ispiluak baino, zilborrak behar ditugulako itsu ez geratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak