Eskupekoa limosna da?

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vega 2026ko uztailaren 6a

Aurrekoan, pertsona edadetu batek haserre esan zuen: "Eskupekoa desagertzen ari da! Jende gazteak dagoeneko ez du ohiturarik jatetxeetan eskupekoa emateko...".

Bazen garaia! Ze zentzu du eskupeko sistematikoak? Eta zergatik ostalaritzaren sektorean soilik? 

Gauza bat da, kortesia edo edukazio kontuagatik, zentimoak borobiltzea edo salneurri handiko produktuetan azken euroak oparitzea. Logikoa izan daiteke. Baina eskupekoa? Hor salneurri bat dago: aurrekontu bat adierazi didazu, nik onartu egin dut, ordaindu egin dut, eta kito. Zure lana besterik ez duzu egin; zer dela-eta ordaindu behar dizut gehiago? Akaso, zerbait berezia eskaini didazu?

Izan ere, nire erruz platera lurrera erori bada eta doan beste bat atera badidate… alergikoa naizela-eta niretzat soilik zerbait berezia prestatu badute, atentzio berezia eman badidate, ondo iruditzen zait esker oneko eskupekoa ematea prezio edo salneurritik haratago. 

Gaur egun, eskudirua geroz eta gutxiago erabiltzen dugu, ia denok txartelarekin edo sakelako telefonoarekin ordaintzen baitugu guztia. Horrek eskupekoa era esklusiboan ostalaritzan emateko ohitura zentzugabea desagerrarazi du, eta niri ondo iruditzen zait.

Ameriketako Estatu Batuetan muturreraino eraman dute neurria; han gutxieneko prezioa gehitu behar diozu salneurri ofizialari; %15-20 artean aurrekontuan edo menuan datorren kopuruari. Han taxilariei ere eman omen behar zaie! Baina gu AEBetan bizi ez garenez, eta bertako kultura ezagutzen ez dudanez, ez naiz euren ohiturekin sartuko. Azkenaldian, gainera, ez da giro herrialde hartan; beraz, badaezpada ere, txintik ere ez.

Zerbitzariak gehiago kobratu beharko balu, haren nagusiarekin negoziatu beharko luke lan-hitzarmena, eta ez eskupekoarekin konpentsatu, ezta?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak