Bernedoko udalekuak

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Vega 2025eko azaroaren 13a

Komunikazio falta larria egon da gatazka honetan.

Hor dago gakoa.

Ez noa eztabaidatzera Bernedoko begiraleek aplikatzen duten pedagogia egokia den edo ez. Aukera bat da. Beste erabaki askoren artean bezala, gurasoek erabaki dezaketen heziketa mota bat. Gustuko duena joan dadila; eta gustuko ez duena, ba ez. Begira zeinen erraza den!

Kontua da guraso askok ez zekitela dutxak mistoak izango zirenik, eta frogatu denez, bertara joan ziren adingabeko askok ere ez.

Begiraleek Bergaran egin zuten agerraldian, faltan igarri nuen autokritika apur bat. Euren heziketa modeloa azaltzera mugatu ziren, benetan egindako hanka-sartzea onartu gabe: familiei ez zitzaien behar bezala jakinarazi zeintzuk ziren baldintza guztiak. Eta udalekuetan bertan gaztetxoekin dutxa mistoen gaia berariaz landu arren, ez zituzten euren nahiak kontuan hartu. Adingabeko batzuek ez zutela nahi? Ba kitto!

Ez beti da ez. Ez da gauza bera logela txukuntzera edo mahaia jasotzera derrigortzea edo besteen aurrean biluztera behartzea.

Gaztetxo askok salatu dute derrigortuta sentitu zirela; begiraleek, aldiz, ezeztatu egin dute halako agindurik eman zutenik. Baina adingabeak denen aurrean biluzik deseroso sentitu badira, hori sexu erasoa da. Baietz da soilik baietz.

Begirale batzuk dutxa horietan sartu ziren. Legea eskuetan, hartuta, kode penaleko 183. artikuluak dio pertsona heldu batek ezin duela adingabe bat biluzik ikusi justifikazio gabe; eta 197. artikuluak adierazten du hezitzaileak, legez, debekatuta daukala aldagelan edo dutxan sartzea (LO8/2021).

21 salaketa daude ertzaintzaren esku jada; hau ez da iritzi kontu bat, kontu serioa da, eta uste dut autokritika egin ezean edo egindako kaltea onartu ezean nekez errepara daitekeela ume horiek sentitu duten mina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak