Goiena Komunikazio Taldeak mende laurden bete duela eta, nire hastapenak, nire lehen esperientziak eta izan nuen zortea datozkit burura.
Karrerako lehen mailan nengoela sartu nintzen ni Goienan lanera; hasieran, praktiketan, jakina, ia musu-truk. Baina ba al dakizue zeinen gozagarria den ikasle batentzat telebista-plato batean nahi duzuna egin ahal izatea? Ez izan zalantzarik ikasgelan baino gehiago bertan ikasi nuela nik nire lanbidea; horrexegatik izan da eta izango da beti nire etxea. Ezin da nire ibilbide profesionala ulertu Goiena gabe.
Egundoko lana egin du Goienak ordutik, bailarari beste dimentsio bat eman dio, herrien arteko kohesioa, mankomunitatearen izaera eta, ororen gainetik, euskarazko goi mailako eta kalitatezko zerbitzua eskainiz. Ondo zaindu beharreko altxorra da, tokiko komunikabideen artean erreferente bilakatu den taldea.
Horrexegatik, batetik, zorionak! Eta, bestetik, eskerrik asko bihotzez niri ateak zabaltzeagatik eta eman didazuen aukerarengatik.