Iruñeko sanferminetan, bortxatzen saiatu ostean eraila izan zen, eta hiltzaileak haren gorpua zatitan moztu zuen bainera baten barruan. Badakizue zenbat denbora egon zen espetxean pertsona basati hura? 8 urte! Aspalditik dabil kalean lasai-lasai lanean, 8 urte lehenago bainera batean odoleztaturik zegoen gorpua mozten aritu zen norbanako berbera. Zergatik? Ez dakit; antza denez, eskubideak omen ditu tipoak. Baina, itxuraz, Nagoreren amak ez du inolako eskubiderik eta haren alaba erail zuen gaizkilea egunero ikusi behar du kalean. Nagoreren lagunek, adiskideek, bizilagunek, Nagore maite zuten guztiek egunero ikusi behar dute gizon hura euren auzoan.
Duela hilabete batzuk, Britainia Handian emakume bat atxilotu zuten, haren haurra hiru urtez jarraian ohe azpian kaxa batean sartuta edukitzeagatik. Alaba animalia bat balitz bezala zeukan itxita kaiola batean. Badakizue zenbat denbora egongo den espetxean? 4-5 urte. Presondegian ondo portatzen bada, 4 urte eta erdi igaro ostean, kalean egon daiteke. Zergatik? Ez dakit; antza denez, eskubideak ditu emakume hark. Baina, itxuraz, alabaren aitak, aitona-amonek eta gainontzeko ahaide guztiek ez dute inolako eskubiderik, eta ume txikia kaiolan sartu duen pertsona hura aurki agurtu beharko dute egunero euren kaleetan.
Adibide gehiago? Duela aste pare bat, autobus gidari bati eraso egin zioten Nafarroan. Pertsona bat atxilotu zuten, eta badakizue zenbat aldiz izan den atxilotua? 25! Hogeita bost aurrekari ditu gaizkile hark. Eta zergatik dago kalean, gure artean, 25 delitu burutu dituen pertsona bat? Ideiarik ere ez. Ziur aski, hark ere bere eskubideak izango ditu, nahiz eta jakin berriz ere egingo duela beste delituren bat, eta haren biktima guztiak hor daude, erasoaren zain, inolako eskubiderik gabe.
Ondorioak? Zerorrek atera.