Italia, Hungaria, Austria, Finlandia... asko dira eskuin muturraren esku dauden Europako gobernuak. Eta adi, Frantzia, Alemania eta Suitza atzetik datoz eta.
Oso oker gabiltza pentsatzen badugu hau ez dela guregana iritsiko. Ez dira lau ero. Ez dira burutik jota dauden pertsonaia esperpentiko hutsak; mediatikoak direnak, agian, bai, baina horren atzetik milioika herritar daude, demokratikoki erabaki hori aukeratu dutenak. Barre egiten genuen Argentinan Milei motozerra batekin ikusi genuenean... Ea nork egiten duen barre orain.
Zergatik gertatu den hau? Zalantza izpirik gabe, orain arte egon diren gobernu modeloek ez dutelako funtzionatu. Autokritika egiteko gai ez bagara, eskuin muturrak jan egingo gaitu berriz ere, Francoren garaian bezala. Zerbait ez gara ondo egiten ari eta horregatik ari dira berriz ere ultraeskuindarrak indarra hartzen.
Kontuz! Modu erabat zilegian, demokrazian eta askatasunean oinarrituz. Hor dago koska, ezin dugula kaleetan borrokatu hautsontzietan galdu duguna, horri estatu-kolpea deitzen baitzaio. Zergatik hazi da korronte politiko hori orduan?
Migrazio politikak, agian; laguntza publikoen kudeaketa, akaso; segurtasun falta kaleetan; administrazio publikoaren gastuen norabidea; klase politikoa, oro har... Hori guztia hausnartzen eta zuzentzen ez badugu, kondenatuta gaude, eskuina dator berriro, oso erakargarria den diskurtsoarekin. Baina jakin badakigu munstro erraldoi hori laster jarriko dela guztion kontra.
Beraz, has gaitezen zerbait aldatzen, ze hori ikusteko gai ez bagara eta harrotasunez adierazten badugu ultraeskuindarrak baino gehiago garela, gureak egin du.