Telebista kate publiko zein pribatu guztiek eman zioten oihartzuna Juan Carlosen abdikazioari. Zer esanik ez bere semearen kargu hartze ekitaldiari!
Telebista kate guztietan, erregea gora, erregea behera... ze aldaketa suposatuko ote duen honek, zer ez... Baina ze lotsagabekeria da hau! Nahi dudan telebista saioa ikusi gabe geratuko naiz nire zergekin ordaintzen dudan alferrikako erakunde zaharkitu horri protagonismoa emateko?
Hori gutxi balitz, Madrileko kaleetatik egin zuten desfile barregarri horrekiko manipulazioa ikaragarria izan zen. Ibilbidean polizia gehiago zegoen ustez egon beharko liratekeen jarraitzaileak baino. Madrileko Udalak dirutza xahutu zuen kaleak Francoren garaian baino Espainiako bandera gehiago jartzen eta hori guztia TVE telebista publikoan saldu zuten urteko gertakaria bailitzan; planoak moztuz, errealizazio oso zainduarekin, ez nabaritzeko, benetan, kaleak erdi hutsik zeudela.
Beraz, aldaketa? Ez da ezer aldatu, Borboien diktadurapean segitzen dugu eta telebistek erregimen hori elikatzen dute.