Kateek agerian utzi zuten euren ahultasuna.
Juan Carlosek bere tronua utziko zuela iragarri zuenean, bat-batean, perretxikoak bezala, telebista kate guztiak atera ziren lur azpitik albistea eskaintzeko prest.
Albistea? Nik dakidala euskarazko hitzak dioen moduan, albiste bat, berria behar du izan. Eta nik dakidala hemen ez dago ezer berririk, ezer ez baita aldatu. Hori bai, 24 orduz aritu ziren telebista kate gehienak monarkia zeinen onuragarria den salduz. ETB izan zen eromen horretatik salbatu zen kate bakarra, ETB-2k 60 minutos saioan, ordubete baino ez zuen behar izan Juan Carlosen adierazpenak laburbiltzeko. Kito.
Orain galdera da, ausartuko al da kateren bat monarkia eta errepublikaren arteko eztabaida behar bezala aireratzen? Ausartuko al da kateren bat debate bat martxan jartzen? Ala oraindik trantsizio garaiko beldur eta mamuek uste baino indar gehiago izaten jarraitzen dute? Ez da ezer aldatu. Eta itxuraz, ez da ezer aldatuko.