Atzetik etorri ziren Subijana, Arzak eta Berasategi telebistara. Geroago, Karlos beraren arreba postreak prestatzen. Urteen poderioz, gainera, telebista batetik bestera egin dute jauzi, Karlos Argiñano TVEn hasi zen, Telecincotik pasa eta Antena 3n amaitu arte. Egurra gorputzari! Gainontzekoak ere dantzan aritu dira, ETBk David de Jorgeren 280 kilogramoak publikoaren mutur aurrean jarri arte. Ustezko umore jator batekin sukalde apurtzailea egin nahirik edo.
Horrek ere nekatu egin gaitu, eta beste sukaldari batzuek inbaditu dute telebista: amateurrak direnak. Aitzindaria TVEko Master Chef izan zen; urtebete geroago, ordea, Antena 3ko zuzendariek ordenagailuko Word programaren copy/paste tresna erabiliz saio hori kopiatu zuten, baita izena ere: Top Chef. Alberto Chicote, sukaldarien Risto Mejiden bilakatua. Saio geldo eta astuna, nire ustetan. Hori gutxi balitz, ETB agertu zaigu berriz ideia hori euskaldundu nahirik Sukaldari saioarekin. Ez ote dira sukaldari gehiegi izango mundu honetarako? Gero, esango dute McDonald's gehiegi dagoela gure inguruan...