Hori futbol adituei utziko diet. Argi dudana da munduko aktorerik txarrena dela. Ile zoldaren kontrako xanpu iragarki batean ikusi genuen udan. Ustez min hartuta, zelaira erortzen zen Casillas, medikua etorri eta bat-batean burua garbitzen hasten da bere ile-apaintzailea bailitzan (?).
Oraingoan, komunera sartu eta emakumeek zenbat apaingarri erabiltzen duten erakusten du esaldi inozo batekin: "Harrigarria da emakumeek zaintzeko erabiltzen duten produktu kopurua!" Eta beste esaldi batekin amaitu: "Gizonok errazago dugu". Horri nik sexismoa deitzen diot. Baina hori gutxi balitz, xanpua erakusteko, urduritasun erasoaldi baten ondorioz edo, eskuarekin lurrera botatzen ditu bere bikotekidearen kosmetiko eta apaingarri guztiak. Hor, argi eta garbi antzematen da ez dela benetako komuna, telebistako estudio faltsua baizik, mundu honetan ez baitago bere bikotekidearen kosmetikoak lurrera bota ostean bizirik irten den gizonik. Eta azken hau ez da sexismoa, egia borobila baizik!