Hori gutxi balitz, aspaldiko Francoren garaiko erronboak berreskuratu nahi ditu espainiar gobernuak telebistako edukiak katalogatzeko.
Batetik, nire galdera zera da: ikus-entzunezko edukiak antolatzeko egungo legeak ez al du balio? Nik dakidala, publiko osoarentzat ez den telebista saio orok gutxieneko adina adierazi behar du gaur egun (7, 13 edo 18 urte). Horrek ez du balio? Francoren erronbo kasposoak beharrezkoak dira?
Bestalde, gobernu batek esan behar dit niri zer ikus dezakeen nire haurrak? Gurasoek ez al dute ahalmenik euren kabuz erabakitzeko zer den euren seme/alabek ikusi behar dutena? Non geratuko da txikitan amatxoren ahotik beti entzun izan dgun esaldi tipikoa: "Hau ezin duzu ikusi, hau handientzat da". Haurtzaro zoriontsu guztiek behar dute egiaztapen kutun hori entzutea.
Zer dago erronboak berreskuratzeko asmoaren atzean? Benetan gure haurren heziketa da espainiar gobernuari ardura zaiona? Edo beste esparru guztietan pairatzen ari garen atzerapauso guztien metafora bat da?