Ez naiz politika kontutan sartuko eta ez dut Eguraldia saioko maparen eztabaida inozoa aipatuko, baina zorionez, ETB1en programazioan aldaketak sumatzen hasi gara poliki-poliki.
Azken berrikuntza: Irriki Town, Vaya Semanita saio umoretsuaren bertsio euskalduna. Gidoilariak oso onak dira, umore sarkastiko eta ironikoaz, gizarte esparru guztiak astintzen dituzte goitik behera. Aktoreak bikainak ere, gazteleraz egiten zutenari sinisgarritasun guztia ematea lortu baitute euskaraz eta ez da batere erraza. Oso zaila da umorea euskaraz egitea, eta are zailagoa oraindik, sinesgarri egitea, tamalez, inguratzen gaituen umore ia guztia gazteleraz baitago. Zenbat aldiz kontatu duzue txiste bat euskaraz? Eta zenbat aldiz gazteleraz? Horra hor, zuen erantzuna.
Oro har, diru gutxirekin egindako ekoizpen erabat duina eta kalitate handikoa da Pausoka ekoiztetxeak proposaturiko saio berria. Gustura ikusten den horietakoa, eta momentuz, bere estrainaldian audientzia kopuru ona lortu duena. Igande gauean ETB-1en, Irriki Town, erabat gomendagarria.