Emakumeen kontrako erasotzaile bat seinalatzen da eta, segidan, sare sozialetan biktima zalantzan jartzen duten mezuak ugaritzen hasten dira.
Gehienak gizonezko anonimoek botatakoak dira –salbuespenak ere badira–. Tamalez, ez dute gaizkilea ezagutzen, bakarrik gizonezkoa dela dakite. Hala ere, automatikoki, aitzakia eta autodefentsa patriarkal mantrak jaurtitzen dituzte.
Baieztapenetan erabiltzen den hizkera sektarioa da. Emakumeen salaketa faltsuez, gizonekiko gorrotoaz, feminismo erradikalaren gorakadaz edota baimen sexualaren inguruan mintzo dira.
Zer dela eta pertsona anonimo batek biktima baten salaketa dudan jarri edo ukatzen du? Ez al dago argi elkarrekiko zaintza tresna bat dela? Jokabide hauek gure istorioa kontatzea zailtzen dute, delituen estalketan lagunduz.
Sareetako autodefentsa matxista erreala da; beraz, ezagunen arteko adiskidetasuna publikoki adierazten denez, konplizeen izenak ere banan-banan publikatzeko eskubidea dugu. Konplizeak plazara!