Zeinek ez ditu bere herrian urte berean jaio direnak ezagutzen? Nahiz eta ikasgela berean egon ez, ia denen aurpegiak ezagutzen ditugu.
Are gehiago, zenbait alditan, pertsona bat deskribatzeko lehenetariko ezaugarri moduan zera aipatzen dugu: "Fulanitx, ziorlatarra, nire kintakoa…". Kintoak, berez, urtean bertan 18 urte betetzen dituztenen eta astebetez herritik legerik gabe ibiltzen direnen jaia izan ohi da.
Hala ere, Arrasaten horretarako ohiturarik ez dago. Hori bai, nagusitzen goazen heinean, kintada egunen ospakizunak ugaritzen joaten dira. Zer da horretara bultzatzen gaituen energia ezezaguna? Norbanako bakoitzean urteek egindako kaltea zein den gertutik egiaztatzea? Beste talde bateko kide izate horren grina?
Argi dagoena da urteak gora eta festa egunak, alderantziz, behera joan ahala, festa egiteko aitzakiak ugariagoak izaten direla. Zure kasuan, egutegian kintada eguna gorriz al duzu jada? Horrela bada, ondo pasa!