DNA edota gene arraro baten kontua ote den herri honi berezitasun zehatz hau ematen diona. Izan ere, musikaz maiteminduta dagoen honi etengabe poztasuna dakarkion oparia da. Zorionez, hainbestetan kalitatezko musika taldeak zuzenean eta gertu ikustearen pribilegioa izan ohi dut.
Aspalditik hona, zulo petral honetan ehunka musika talde jaio dira. Urteen bueltan, punk, oi! rock, jazz, hip-hop edota gaur egungo trap soinuez Arrasateko taldeek osatutako melodietan belarriak goxo busti ditut. Iñako jaunak Youtubeko MondraMusik kanalean bildutako makina bat talderen ikus-entzunezko materiala ondare honen isla argia da.
Asteburu honetan, Mondra&Roll jaialdiaz gozatzeko aukera izango dugu, Monterron parkea hankaz gora jarriko duen jaialdiaren bigarren edizioa ospatuko baita. Mundura bidalitakoak, behingoz, oihartzuna izan eta, bueltan, gurea munduko mapan puntu klabe moduan ezarri eta bizitzearen ohorea izango dugu. So, Mondra, let’s go!