Gainera, nahiz eta oraindik hiru asteko epea aurretik dagoen, badirudi ez dugula gobernurik edukiko hauteskundeak errepikatzen ez baldin badira. Espainian ohituta egon gara beti alderdi batek hauteskundeak irabaztera eta alderdi horrek gobernua eratzea.
Une historiko honetan, hauteskundeak irabazi dituen alderdiak –ustelkeriaz inguratuta– ezin duenez konfiantza lortu gobernu bat martxan jartzeko, sekulako nahasketa daukate alderdi-buru guztiek. Ez dakite zer egin, nire aburuz, egoera berria ulertzen ez dutelako.
Benetan ez dakit hauteskundeak errepikatuko diren ala ez. Baina gaur egun daukagun eszenatokia errepikatuko dela ziur nago, ezagutu dugun bipartidismoarekin hiritargoak apurtu egin duelako. Eta alderdiak zuzentzen dituzten pertsonak ohitu beharko dira eszenatoki berriak kudeatzera, hitz potoloak eta horrenbeste marra gorri alde batera utzita.
Ez genuke drama bat balitz bezala bizi behar egoera hau. Guztiz alderantziz! Herri baten kultura politikoa ez da hilabete batzuetan aldatzen.
Eta argi daukadana da gure kultura politikoan aldaketa sakon bat behar dugula. Horretan gabiltza.