390 metro

Erabiltzailearen aurpegia Oier Peñagarikano 2020ko mar. 14a, 00:00

390 metro dira Antzuola eta Bergara lotu beharko lituzkeen bidegorriari bere izena irabazteko falta zaizkionak. Bi herrietako herritarrok eta Debagoieneko gainontzeko biztanleak lotzeko falta zaizkigun metroak.

Herritarrak kexu gara, urteak daramatzagu errepide mozketaz, hautsez eta zikinkeriaz betetako errepide zati batean gora eta behera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 43 miloi euro gastatu ditu Deskarga zulatu eta Antzuolako inguruak porlanezko zutabez josten. Behin autobidea –doakotzat saldu ziguten hura– ireki eta gero, akabo.

Bukatu dira egunkarietako argazkitxo eta denbora irabazteen kalkuluak.

Gipuzkoako Aldundiari bidegorria amaitzeko eskatuz manifestazio jendetsu bat egin genuen eta herritarron eskaerari kasurik egin gabe, eta inork eskatu gabe, Deskargan errei motela kendu dute; txirrindularion mesedetarako izango omen da. Edo, beharbada, autobidearen fakturazio kalkuluaren mesedetan, batek daki.

Hala ere, pozik omen dabil gure burugainetatik pasatzen zaigun jendea, hamar minutu lehenago iristen delako lanera.

43 miloi eta urte mordoxka bat geroago, antzuolarrok berdin-berdin jarraitzen dugu.

Lokaztutako errepideetan mozketak jasaten, ur-araztegirik gabe eta Debagoienarekin lotu beharrean, inora ez daraman bidegorri batekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak