Egunkarietako portadak pilatzen dira aldizkarien zumezko saskian eta hemen ezer gutxi aldatzen da, hurrengo batean egiteko planen zerrenda loditzeaz gain. "Jubilatutakoan edo diru gehiago dudanean egingo dut" eta halako esaldiak dira nagusi inguruan.
Igande goizetan mendi tontorrak gainditzeko lagun egoki baten bila etxean geratzen gara, geure kabuz Aizkorriko tontorrera iristeko gai izango ez bagina gisara, edo antzerki bat ikusteko kuadrilla konbentzitu ezinda, tabernako aulkiak berotzen ditugu antzokietako takiletan sarrera solteak salduko ez balituzte bezala. Baina zeren zain gauden galdetzen diot nire buruari sarri, ez ote gauden gure beldurrak gainditzearen espero isilean, iraganeko egunak errepikatuko diren ziur, egunkarien saskiak betetzen jarraituko duenaren konbentzimendu itsuarekin. Dugunari gogor eusten diogu, beharrak ezer hoberik ezin ekarriko baligu bezala eta uko egiten diogu aldatzeari, uko beldur garela onartzeari.
Gauzak galtzearen beldurrez, bizitzeko aukerak galtzen ditugun honetan, jar dezagun praktikan: "Ibili, erori eta altxatzearen oinarrizko legea" (Berri Txarrak-FAQ).