Esku (bideak)

Erabiltzailearen aurpegia Oier Peñagarikano 2014ko mar. 24a, 12:00

Aldarri dira eskuak. Haur garenean gure amaren magalari eustean; kolore gorriko espraiez hormak iraultzean.

Aldarri dira, maitalearen gorputza xamurtasunez ferekatzean; poliziaren aurrean ukabil altxatua estutzean; lanean olioz zikintzean; ezinezko hormetan gora eskalatzean; sukaldeko labanaz barazkiak txikitzean; lagunak besarkatzean; aitzurrarekin landak jorratzean.

Gure eskuak bizitzaren aldarri dira, gaztetasunaren xamurtasunean; lanak utzitako orbainetan; denboraren ximurretan; amonaren besarkadetan; haurren atzamar ikusezinetan.

Gure eskuak izan dugun bizitzaren erakusleiho dira. Bidean izan ditugun ametsen galeretan eta garaipenen orbainetan. Gure eskuekin lantzen ditugu gure bizitzaren fronteak, eskuekin asetzen ditugu lagunen beharrak eta lantzen ditugu elikatzen gaituzten arbasoen lurretako baratzeak. Eskuekin egiten dugu aurrera, esperoan ditugun ametsen etorbidean.

Nire eskuek ere herri honen ametsen aldeko bidea egingo dute ekainaren 8an Durango eta Iruñea artean osatuko dugun giza katean, eta harro egongo naiz ilobak besarkatzean, herri honen alde, nire eskuek ere aldarri egin zutela oroitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak