Distantzia laburrean horrenbestean moldatzen da, baina hauspo luzeko begiratuan, zehaztasuna galtzen du miopeak.
Gure herriaren etorkizunari begira urte berriak ekarri dizkigun gertakari historikoen aurrean, erreakzio batzuk entzun eta irakurrita miope gehitxo sumatzen dut oraindik gure inguruko bazterretan.
Betaurreko gabe ibiltzeak eragiten duen intseguritatez ikusi ditut hango eta hemengo politikari batzuk, estrategia motzean; ñabarduretan galduta, batzuk, eta lanbroartean eroso, beste batzuk. Baina abaguneak hauspo luzeko begiratua eskatzen du.
Urte gehiegi galdu dugu motzean begiratuz, geure arteko ika-miketan murgilduta. Bisioa aldatzeko eta zorrozteko unea iritsi da, ordea. Gizarteak, herritarrok, orain arte izan duena baino protagonismo eta eragin maila handiagoa eskuratu beharko luke.
Zorroztu dezagun gure begiratua eta zigortu ditzagun lanbroartean eta itsu jarraitu nahi duten pertsona guztiak, eta babestu eta bultzatu ditzagun, arnas luzeko begiratuan, elkar hartuta bidea egiten ari diren eragile eta ekimenak. Behe lainotik atera eta koloretako herrian bizitzea gure esku ere badagoela pentsatu nahi dut, betaurrekoekin edo gabe.