2020. urtean Oñatz Dantza Taldeak 50 urte

Erabiltzailearen aurpegia Oñatz dantza taldea 2020ko urt. 15a, 14:43

Urte zahar egunean amaitu zitzaigun joan den urtea, eta urte berri egunarekin batera iritsi zaigu datorrena. Ez da izan mendea eta segundoa gurutzatzen diren momentua; bai, ordea, dantza taldeak 50 urte beteko dituen urtearen hasiera.

Esan moduan, mende erdi egingo ditu 2020. urte borobilean Oñatz dantza taldeak. 1970.ean sortu zen orduko Oñatz kultur elkartearen baitan. Eta proiektu eder horrek, gainera, balio izan dio izenari berari ere urteak joan eta urteak etorri, izan Oñatin, izan Euskal Herrian, izan gure diasporan, lehendik are ezagunago egiteko.

Eta izen horren estalpean, zenbat oroitzapen etorriko ote zaizkio oñatiar bakoitzari esaldiok irakurtzean: izango dira onak, zoriontsuak, txarrak, gogorrak, minberak, garratzak, gozoak… Sentipenokin batera izango ditugu dantzari, musikari, guraso, laguntzaile eta abarrek ezin zenbatu bizipen, eta hori da gure harrotasunaren zutabetako bat: eguneroko urratsekin sortutako dantza.

Zutabeok, baina, oinarri zabal baten eraiki ditu aipatu dantzari taldeak, eta horren erakusle izango da urtarrila. Izan ere, 2020. urteko hilabete bakoitzerako gai bat landu dugu: urtarrila, zer da Oñatz?; otsaila, Oñatiko inauteriak; martxoa, Oñatzen harrobia; apirila, jantziak; maiatza, erraldoi eta txorimaloak; ekaina, Korpusak; uztaila, Oñatzen eguna; abuztua, Euskal Herriko taldeen emanaldia; iraila, Oñatiko Haurren Eguna; urria, 50 urte dantzan; azaroa, musikariak; eta, azkenik, abendua, Oñatzen emanaldia. Eta egitarau horrek merezi duen aurkezpena egingo dugu hilaren 18an, larunbatean, Udaletxeko pleno aretoan, eguerdiko 12:00etan.

Aurkezpenaren ondoren, gainera, hain gurea –bai oñatiarrona eta, baita ere, euskaldun guztiona– den soka dantzan aterako gara plazara. Taldeak bete duen urte bakoitza dantzari batek ordezkatuko du, aurreskuak eta atzeskuak soka gidatzen duten bitartean.

Baina ez da hori izango urteko lehen hilak izango duen ekintza bakarra; izan ere, 22. egunez, asteazkenez, elkarrizketa bat antolatu dugu, Gaztelekuan. 19:00etan hasiko da aipatu tertulia, eta bertan jorratuko ditugu, elkarren artean, guretzat guztiontzat horren garrantzitsuak diren dantza taldearen transmisioa eta elkarlana.

Hortaz, –eta esan barik doa– agurtzen zaituztegu urteko ekintza guztietara gonbidatuz. Eta urte berriari emandako ondo etorriaz gain, eman diezaiogun, baita ere, gure herriko euskal dantza tradizionaleko taldeari merezi duen agurra.

Urte berri on guztioi eta gora Oñatz!

Iñigo Murgiondo Agirre,

Oñatz 50 komunikazio taldearen izenean

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak