Gotzone Sagardui Osasun sailburuak behin eta berriz ziurtatu zuen herenegun bere Sailak ez duela baimenik eman ezein ospitaletan plantilla osoari txertoa jartzeko, baina gaur bertan jakin dugu, prentsan zabaldutako informazioaren arabera, Osakidetzak jakin bazekiela Santa Marinako ospitalean horixe zela plana, txertaketa masibo bat, bertako langile guztiei eragingo ziena, azken egunotako polemikaren ondorioz dimisioa eman duen Jose Luis Sabas zuzendari ohiak elkarrizketa batean azaldu zuen bezala.
Hori horrela, Rebeka Ubera legebiltzarkidearen irudiko, “Osakidetza Santa Marinako planaren jakinaren gainean zegoela egiaztatzen bada, Gotzone Sagarduik birpentsatu beharko du Osasun sailburua izateko baldintzak betetzen dituen eta karguan jarraitzeko moduan dagoen ala ez, informazioa ezkutatu eta gezurretan aritzeagatik”.
Uberak ezinbestekotzat eta premiazkotzat jo du Sagardui Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean agertzea txertaketa kanpainaren inguruko azalpen guztiak gardentasun osoz emateko, EH Bilduk pasa den ostegunean eskatu bezala. Horren harira, legebiltzarkideak gogora ekarri du hori dela horrelako kasuetan Erregelamenduak aurreikusten duen bidea; alegia, oposizioaren eskubideak bermatzen dituena, eta ohartarazi du EAJk eta PSEk sailburuaren agerraldia desitxuratzeko tentazioa izan dezaketela, datorren asteazkenean Osasun Batzordean ager dadin oposizioaren parte-hartzea mugatuta. “EH Bilduk ez du horrelako jokaldi bat onartuko. Gaia oso larria da eta Legebiltzarrak berme guztiekin jorratu behar du, herritarrek informazio eta gardentasun osoa merezi dutelako”.