EH Bildutik uste dugu herri honek behar duen eztabaida handienetako bati aurre egiteko unea iritsi dela: gure udalen finantziazioa, toki-erakundeek beren eskumenei aurre egiteko nahikoa finantziazio izatea. Badakigu zertaz ari garen. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak dira, eta guk ezagutzen ditugu hobekien haien beharrak. Gure herriko jendearen ongizateaz ari gara. Eta eztabaida hori atzerapenik gabe gertatu behar da; izan ere, Covid-19k eragindako krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak guztiok behartzen gaitu gure onena ematera, eta herritarren premiek ezin dute itxaron
Pandemia hasi zenetik, udal erakundeak berau geratzeko eta horren ondorio sozial eta ekonomikoei aurre egiteko lehen lerroan egon gara. Udalak duten errelebantzia eta eraginkortasun politikoa zein herritarra agerian gelditu da azken hamarkadetan bizi izan dugun egoera zailenean. Pozgarria da tokiko erakundeen gaitasunaz hitz egin eta eztabaida politikoan tokiko erakundeen autonomiaren aldarrikapena gailentzea, baina osasungintza zein hezkuntza arloekin gertatzen den bezala, tokiko erakundeek ere autonomiaz gain baliabideak behar dituzte beraien eskumenak gauzatzeko, eta batez ere, herritarren ongizatearen alde lan egiteko