EH Bilduren ekimenez, Mondragon korporazioko presidente Iñigo Uzinek Kongresuko Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako batzordean parte hartuko du, ekonomia berpizteko neurrien inguruko azpi-taldean, hain justu ere. Euskal Herriko indar subiranistaren proposamenak batzordea osatzen duten diputatuen gehiengoaren babesa jaso du. Batzordearen helburu nagusia COVID-19ari lotutako krisi sanitario, ekonomiko eta sozialaren aurrean irtenbideak adostea da.
EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak balioan jarri du kooperatiben eginkizuna, eta gauzak beste modu batera egiteko erakutsi duten gaitasuna nabarmendu du, enpresa eredu tradizionaletatik at. «Munduko lehen talde kooperatiboa, EAEko lehen enpresa taldea eta Espainiako Estatuko hamargarrena da Mondragon korporazioa. Krisialdi honen aurrean bestelako neurriak har daitezkeela erakutsi du. Kooperatiben baloreak garrantzitsuak dira krisi honen ondorioz hartu beharreko jarreraren aurrean ikuspegi ezberdinak kontuan hartzeko». Honela azaldu du Aizpuruak Uzinen agerraldiaren egokitasuna: «Ezinbestekotzat jotzen dugu munduko lehen talde kooperatiboaren ahotsa batzorde honetan presente egotea. Mondragon taldearen esperientziak aintza hartua izatea merezi du».
Uzinen agerraldi eskaeraz gain, Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak beste hainbat agerraldi ere eskatu ditu gaur: Patxi Olabarria (Konfekoop Euskadiko kooperatiben konfederazio presidentea), Carlos Askunze (REAS ekonomia alternatibo eta solidarioaren sareko presidentea), Mitxel Lakuntza (ELA sindikatuko idazkari nagusia) eta Garbiñe Aranburu (LAB sindikatuko idazkari nagusia). «Espainiako Estatuan nagusi diren sindikatuak ez dira gehiengo gure lurraldean. Euskal Herria ere ezberdina eta anitza da zentzu horretan, eta uste dugu hemen ere iritzi eta ikuspegi horiek entzun egin behar direla, aintzat hartuak izan daitezen», adierazi du Aizpurua diputatuak. Proposamenak, dena dela, atzera bota dituzte Kongresuko Berreraikuntza Ekonomiko eta Sozialerako batzordea osatzen duten ordezkariek.