Salbuespen egoerak pertsonen osasunean, gure jendartean eta ekonomian izango dituen ondorioei aurre egiteko, ezinbestekoa da adostasunean eta elkarlanean landutako erantzunak ematea. Horretarako, Foru Gobernuak Batzar Nagusietako talde politiko guztiekin krisi-mahaia osatzea eskatzen dio EH Bilduk Diputazioari.
Bertan berehalako neurriak eta epe ertainekoak hartu beharko lirateke. Besteak beste, EH Bilduk ondorengoak proposatu ditu: Deskonfinamendua gauzatzeko pausoak adostu eta landu; ekonomian izango dituen ondorioak aurreikusita, sektore guztiei laguntzeko lerro bereziak sortzea, gehien jasango duten sektoreentzako neurri bereziak edota bitartekari lanak egitea bere egoera leuntzeko: turismo sektorea, enpresa txikiak, kultur eragile ezberdinak, lehen sektorea, taberna-jatetxeak, tailerrak, irakaskuntza-akademiak…; irekita egongo diren dendentzako protokoloak lantzea. Bertako ekoizleak eta dendak kaltetuak ez ateratzeko neurriak; kalean bizi diren pertsonentzako, eta bakarrik bizi diren pertsonentzako berehalako erantzun zehatzak; etxean egon behar duten haur eta nerabeen zaintzari begira, gomendioak eta proposamenak zabaltzea; telefonoak aktibatzea, arlo bakoitzeko informazio zehatza emango duena; eragile nagusiekin elkarlana eta informazio trukea bultzatzeko kontaktu jarraitua edukitzea; Gipuzkoako herrientzako telefono zuzen bat, sortzen diren iniziatiba edota arazoei buruzko informazioa, soluzioak, proposamenak… luzatzeko.