Iker Casanova: “Tokiko merkataritza inoizko egoerarik zailenean dago koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz eta horrek inoizko erantzunik ausartena eskatzen du Jaurlaritzaren aldetik”. EH Bilduren proposamenaren arabera, herritar bakoitzak 25 euroko lau bonu jasoko lituzke merkataritza txikian gutxienez 75 euroko erosketa bat egiteko.
Pandemia merkataritza ere gogor astintzen ari den honetan, EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu du Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrean premiaz eztabaidatu ahal izateko, merkataritza txikiaren susperraldia bultzatzeko behin alarma egoera amaituta. Izan ere, Iker Casanovak ohartarazi duenez, “euskal merkataritza txikia egiturazko krisi batean murgilduta dago aspaldidanik, baina covid19 birusak sortutako egoerak ez du aurrekaririk, milaka denda itxita baitaude, diru-sarrerarik gabe”. Hala, “merkataritza txikia inoizko egoerarik zailenean dago eta instituzioen partetik inoizko erantzunik ausartena eman behar da”.
Konstatazio hori abiapuntu, EH Bilduk Jaurlaritzak 18 urtetik gorako EAEko herritar orori 100 euroko bonuak ematea proposatu du, merkataritza txikian erabil ditzaten. Casanovak azaldu duenez, “100 euro horiek 25 euroko lau bonutan banatuko lirateke konfinamendu-neurriak kendu eta hurrengo bi hilabeteetan eta bonu bakoitza gutxienez 75 euroko erosketak (60 euro kultura arloko establezimenduak izanez gero) egiteko erabili ahalko litzateke merkataritza txikian. Zazpi milioi erosketa baino gehiago lirateke guztira”.
EH Bilduko legebiltzarkideak zehaztu duenez, kanpaina merkataritzan ez ezik, ostalaritzan eta turismoaren sektorean ere aplikatuko litzateke, baina kasu guztietan baldintza argi batekin: bonuak konfinamenduan itxita dauden mikro-enpresetan soilik erabili ahalko lirateke, hau da, 10 langile baino gutxiago eta 2 milioi eurotik beherako fakturazioa dutenak.
Casanovak ezinbestekotzat jo du kanpaina hori martxan jartzea merkataritza txikiaren egoera kritikoa delako, eta ekimenak duen dimentsio handia azpimarratu du. Izan ere, “Jaurlaritzak ia 200 milioi euro ipiniko lituzke herritarren poltsikoetan merkataritza txikian kontsumoan bultzatzeko, 600 milioitik gorako kontsumoa, hain zuzen, eta hasieran egin beharreko inbertsioa handia izan arren, zenbateko garrantzitsu bat (140 milioi inguru) instituzioetara itzuliko litzateke erosketa horiek sortuko luketen BEZaren bitartez”.