Confebaskekin duen aliantzak langileen osasunean izan ditzakeen ondorioak haren ardura izango direla ohartarazi dio EH Bilduk Urkulluri

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2020ko api. 3a, 19:32

Maddalen Iriartek koronabirusaren aurka Jaurlaritza “berandu eta gaizki” aritu dela salatu du eta estrategia integral bat proposatu du osasun, enplegu eta gizarte babesean neurri zehatzak abian jartzeko.

 

Maddalen Iriartek ohartarazi du funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa bertan behera uztearen kontra EAJk eta Confebaskek partekatzen duten estrategiak, enpresa jakin batzuk berriro irekitzeko konfinamendua haustea dakarrenak, alegia, ondorioak izan ditzakeela beren lantokietara joatera behartuta dauden pertsonen osasunean. EH Bilduko bozeramaileak Urkullu lehendakariak Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorreko hainbat kideren aurrean egindako agerraldi telematikoan egin du ohartarazpen hori, eta Jaurlaritzari egotzi dio joan den larunbatean ezarritako "konfinamendua tranpatzeak" langileentzat izan ditzakeen "ondorio konponezinen ardura”.

Iriartek gogora ekarri du Confebaskek ez duela euskal industria osoa ordezkatzen eta ez zela batere kezkatuta agertu "milaka negozio txikik itxi behar izan zutenean, ezta ehunka enpresak ERTEak aurkeztu eta langileak langabeziara bidali dituztenean ere". Hori dela eta, aitortu du, “zur eta lur” dago ikusita zer nolako eztabaida ireki duten Lakuak eta patronalak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak gelditzeak ekarriko omen dituzten kalteen inguruan, eta azpimarratu du gelditu ezean, kutsatzeen kopurua handitu eta ekonomiari are kalte handiagoa egingo liokeela. “Geldi daitekeen guztia gelditzeak pandemia askoz lehenago gainditzea eragingo digu, eta industria suspertu eta enplegua berreskuratzeko aukera izango dugu lehenago, eta, batez ere, bizitza asko salbatuko ditugu”.

EH Bilduko lehendakarigaiaren iritziz, Urkulluren Gobernua "berandu eta gaizki" ibili da Covid-19ren aurkako borrokan. Horren haritik nabarmendu duenez, osasun publikoko langile guztiak lan bikaina egiten ari diren arren, krisiak azken urteotako murrizketek ahuldutako Osakidetza batekin egin du topo, ez baldintzarik onenetan, beraz, pandemiari aurre egiteko. "Osakidetza prest zegoen, esan zitzaigun. Norbera babesteko ekipamenduen (NBE) erosketa iragarri zen. Non daude? Egia esan, NBEak garbitzen eta berrerabiltzen ari dira, inolako bermerik gabe. Zabor-poltsekin babesten ari diren profesionalak ikusten ari gara, aurpegia babesteko pantailak kirol-biserekin inprobisatzen dituztenak, bata iragazgaitzak zelofanezko beste batzuekin nola ordezten diren ikusten dutenak... Osakidetza prest zegoen, Urkullu jauna? Ez, eta hau amaitu egin behar da ".

Egoera zein den ikusirik, Maddalen Iriartek ezinbestekotzat jo du estrategia integral bat martxan jartzea, pandemiak osasunean, enpleguan eta babes sozialean dituen ondorioei eraginkortasunez helduko diena.

Hala, OSASUN arloan, isolamendu neurrien eta osasun sistemako profesional guztiei babes ekipoak bermatzearen garrantzia nabarmendu du, baita "test diagnostiko masiboak" egiteko beharra ere, OMEk gomendatzen duen bezala, bereziki osasun arloan eta gizarte zerbitzuetan lan egiten dutenei.

ENPLEGUARI dagokionez, EH Bilduko bozeramaileak "kaleratzeak eta langileen pobretzea" saihestu behar direla azpimarratu du. Horretarako, azaldu du, "sindikatuen eta enpresen arteko akordioak sustatu beharko dira eta Jaurlaritzak zuzeneko laguntzak ezarri beharko ditu kontratu guztiak mantentzen dituzten enpresentzat”. Era berean, "dirulaguntza askoz ere handiagoak" proposatu ditu itxi behar izan dituzten negozio txikientzat eta gelditu behar izan duten autonomoentzat, Lakuak orain arte onartu dituenek norberaren konturako langileen %99,4 kanpoan uzten dituztelako; eta antzeko planteamendu bat aplikatu behar zaie enpresa txiki eta ertainei, horiek baitira gure ehun produktiboaren oinarria”. Ildo berean, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta erabiltzeko aukera ere aipatu du, aldi baterako enplegu erregulazioek eragindako milaka pertsonek prestazioa osatzeko aukera izan dezaten.

BABES SOZIALAREN ARLOA da EH Bilduren estrategia integralaren hirugarren ardatz nagusia; izan ere, Iriartek adierazi duenez, "familiek diru-sarrera berriak eta handiagoak behar dituzte, ez zorpetze maila handitzen duten neurriak". Horri dagokionez, alokairuen eta hipoteken ordainketak arintzearen alde egin du, baita funtsezko hornikuntzen fakturak ere. "Erakunde publiko batek ere ez luke inolako alokairurik edo hornidurarik kobratu behar krisi garaian, ezta urik ere, eta enpresa pribatuek, bankuek, elektrikoek, gasekoek, telefonikoek... aukera handia dute orain beren bezeroek zerbait axola ote dieten frogatzeko”.

Halaber, Iriartek azpimarratu du funtsezkoa dela Gizarte Zerbitzuen Sistema indartzea eta, esparru horretan, adinekoen egoitzetarako berariazko plan bat egitea, non "babeserako bitartekoak falta diren, plantillak ez diren indartu eta egoiliarrak ikusten ari diren nola ematen zaien bizkarra”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak