Lehenik eta behin, Oñatiko EH Bilduk bere doluminik sentikorrena erakutsi nahi dio Oñatin COVID-19ak utzi duen lehen biktimaren senide eta lagunei.
Azpimarratu nahiko genuke gure jendarteak erakutsi duen heldutasuna, bai egoeraren larritasunaz jabetzerakoan, bai elkarren zaintza eta elkarlanerako erakutsitako grinarekin. Oso kontuan hartzekoa da egun gutxitan, soilik Oñatin 100 pertsonatik gorako zaintza sare herritarra sortu izana. Instituzio, eragile eta herritarren ekimenak osagarri, kooperazioa eta koordinazioa oinarri.
Guzti horregatik Oñatiko gizartea zoriondu nahi dugu krisi honen aurrean erakusten ari den jarrera arduratsu eta eredugarriarengatik. Etengabe oñatiarrek agintariei aurre hartu diete birusaren zabalpena murrizteko neurriak hartzerakoan. Lehenik, Jaurlaritzatik inolako neurririk hartu aurretik, tabernari, ostalari eta dendari askok euren negozioak itxi zituzten arriskua ekidite aldera. Bigarrenik, konfinamendu neurriak oraindik ere ezarri gabe zeudenean, elkartasuna eta zaintzak erdigunean jarriz, herritar ugari zaintza sareetan antolatzen hasi ziren herri osoan zehar, egoera ahulenean daudenei babes komunitarioa ematearren. Eta, azkenik, ekonomia-produkzioa eta osasunaren arteko eztabaida aurreikusita, oñatiko langileriak argi izan du lehen momentutik orain osasuna dela lehenetsi beharreko eremua.
Bestetik, esker berezia eman nahi diegu momentu zail honetan gizartearen sostengu nagusi bilakatu diren profesional guztiei. Osasungintzan bere onena ematen ari diren mediku, erizain eta langile guztiei. Premiazkoak diren zerbitzuak bermatzeko esfortzu berezia egiten ari diren herritarrei, horniketa kateak sostengatzen ari direnei: elikagaiak, farmaziak, zerbitzu sozialak, garraioa, kale garbiketa,… Bere onena ematen ari diren lagun hauentzat guztientzat babes pertsonalerako tresnak baliatzea ezinbestekotzat ikusten dugu.
Une honetan argi izan behar dugu osasuna, norbanakoarena eta guztiona, beste ezeren gainetik jarri beharrean gaudela, eta esfera produktibo-ekonomikoa krisia gainditzearen menpe utzi. Lehentasuna krisi sanitarioa gainditzea da, inor bazterrean utzi gabe, eta gero bai, gero helduko beharko diogu dudarik gabe etorriko diren kalte ekonomikoak gainditzeko neurriak zehazteari, beti ere “pertsonak lehendabizi” lelopean eta, nola ez, baita ezinbesteoak ditugun herriko denda eta negozio txikiek jasandako kalteak konpontzeko norabidean.
Amaitzeko, honen guztiaren ondoren eraiki beharko dugun etorkizunean, egunotan ikusitako ehunka ezohiko irudi horiek egin beharko ditugu geure normaltasun berriaren parte. Ospitaletan, arreta zerbitzuetan, lantokietan, eta, batez ere, etxean onena ematen ari direnen balioak bihur daitezela geure jendartearen iparorratza. Ardura kolektiboaren erakustaldi hau izan dadila eraiki nahi dugun geroaren hitzaurrea.