Hori dela eta, Euskal Herriko Mugimendu Feministak Zaintza Koordinatzeko mahaia eratzeko proposamena txalotzen dugu eta bat egiten dugu parte hartzeko konpromisoa adieraziz. Krisi hau betikoen kontura gainditu ez dadin, pertsonen bizitza duinak jarri behar dira erdigunean, arazoen errora joanez: premiazkoa da.
Krisi larri honen aurrean EH Bilduk hasieratik adierazi du bere konpromisoa eta prestutasun osoa bizi dugun egoera larriaren aurrean indarrak batzeko, herritarren osasuna eta beharrak erdigunean jarriz. Gure adierazpen guztiak zentzu horretan joan dira, EH Bilduk krisiari aurre egiteko baliabide guztiak eskura jarri ditu. Gogoratu nahi dugu hasieratik eta herri gisa erantzun onena eta bateratua emateko Mahai integral bat eratzeko eskatu dugula, non arlo eta eremu guztietako eragileek parte hartuko luketen.
Bada garaia, dudarik gabe, denok batera aritzeko, herri gisa erantzun kolektiboa emateko, zaintza eta bizitza duinak erdigunean jarriz.