Legebiltzarreko Lan eta Justizia Batzordeak Kooperatiben Lege berria onartu du gaur arratsaldean, datozen asteotan Osoko Bilkurak behin betiko onartuko duena. EH Bilduk aldeko botoa eman du, gainerako taldeek koalizioak ezinbestekotzat jotzen zuen zuzenketa onartu ostean. Larraitz Ugartek azpimarratu duenez, EH Bilduk hala proposatuta, “hemendik aurrera kooperatiben kontseilu errektore guztietan, hau da, kooperatiben administrazio organo gorenetan, emakume eta gizonen ordezkaritza parekatuta izango dugu”. Ugarteren iritziz, “aurrerapauso garrantzitsua eman dugu, eta aurrerantzean ere beste urrats batzuk emango ditugu, parekidetasuna ez delako eskolan edo toki txikietan bakarrik egiten den zerbait; emakumeok ditugun kristalezko sabaiak gainditu behar ditugu eta botere guneetan sarbidea izatea ezinbestekoa da benetan egunen batean parekidetasun errealera iristeko”.
Kooperatibek beraiek legearen beharra aspaldidanik aldarrikatu dutela gogorarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta azaldu du lege berria behar-beharrezkoa dela legedia kooperatibek egun dituzten beharretara egokitzeko, gaur egungo egoerak ez baitu zerikusi handirik 1993koarekin, egun indarrean dagoen legea onartu zen urtekoarekin, alegia.
Lege berriak kooperatiben babes legala hobetuko du, esan du Ugartek, eta EH Bilduk horregatik eman du aldeko botoa, baina horrek ezin du ezkutatu –ohartarazi du– oraindik duen gabezia, kooperatibek Lanbideko Administrazio Kontseiluan parte hartu gabe jarraituko baitute. EH Bilduk kooperatibismoak Lanbiden egoteko duen eskubidea defendatu du behin eta berriz tramitazioan zehar, baina EAJ, PSE eta PPk men egin diote Confebaski eta aukera hori baztertu dute.