EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak merkataritza arloko aurrekontua bikoizteko eskatu dio Jaurlaritzari

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Oñati 2019ko urr. 29a, 15:42

Zaldunbordako proiektuaren aurka ere agertu da Parlamentua, Hondarribi inguruko tokiko merkataritzari kalte handia egingo diolakoan. EH Bilduk sustatu du merkataritzari buruzko eztabaida monografikoa, sektorearen egoera benetan larria delako

EH Bilduk proposatu bezala, Legebiltzarrak lau urtetan merkataritza arloko aurrekontua bikoizteko eskatu dio Jaurlaritzari, urtero %25eko igoera gutxienez, alegia, sektoreak duen garrantzi ekonomiko eta sozialak hala behar duelakoan, Iker Casanovak adierazi duenez. Parlamentuak merkataritzari buruzko eztabaida monografikoa egin du gaur, EH Bilduk eskatuta, sektorearen egoera larriari zer nolako irtenbideak eman aztertzeko. Izan ere, 2008tik 2016ra bitartean 5.000 denda baino gehiago (%16) desagertu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Casanova pozik agertu da eztabaidaren emaitzarekin, EH Bilduk hainbat akordio garrantzitsu lortu baititu. Aurrekontua bikoiztu beharra, lehena, baina ez bakarra. Hala, gehiengo parlamentarioak (EAJ eta PSE izan ezik) Zaldunbordan makro-outlet bat eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu du, EAJk Hondarribian sustatu duen proiektu hori saltoki handiei buruzko legearen kontrakoa delako eta kalte handia egingo diolako eskualde osoko tokiko merkataritzari. “Proiektu horrek aurrera eginez gero, Urkullu lehendakaria eta Merkataritza eta Lurralde Antolamenduko sailburuak, biak PSEkoak, inguruko denden txikizioaren arduradun izango dira”, ohartarazi du Casanovak.

Adostasuna erabatekoa izan da, ordea, alderdien artean denda tradizional eta historikoen figura sortzearen alde, EH Bilduk proposatu bezala. Horrek, azaldu du koalizioko legebiltzarkideak, babes eta laguntza neurri bereziak suposatuko ditu denda horietarako. Halaber, talde parlamentario guztiak bat etorri dira Merkataritzako Aholku Batzordea berraktibatzeko. Casanovak gogora ekarri du organo hori ez dela batzartu 2015az geroztik, eta, bere iritziz, ezinbestekoa da berriz ere aktibatzea, sektoreko eragileek zuzenean parte har dezaten eragiten dieten erabakiak hartzerakoan. “Gobernantza eredu berria behar da, koordinatua, partekatua eta parte-hartzailea”.

EH Bilduk 38 proposamen aurkeztu ditu guztira gaurko saio monografikoan, besteak beste, saltoki handien gaineko zerga berezi bat sortzea. Casanovak azaldu duenez, “gune horiek efektu kaltegarriak dituzte gizartearentzat, hala nola, azpiegiturak eraiki beharra, lurzoruaren erabilera masiboa eta trafikoa, publikoa eta pribatua, areagotzea; beraz, zilegi da hori guztia zergapetzea”. Hala ere, Legebiltzarrak ez du proposamena onartu, EAJ, PSE eta PP kontra agertu direlako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak